Euskadiko osasun-sistemak osasun-arloko 858 ikerketa-proiektu ditu aktibo; horien helburua da urratsak ematea, bai gaixotasunen diagnostikoan eta tratamenduan, bai pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan. Proiektu horietatik guztietatik 51 europarrak dira.
2023an BIO (Berrikuntza Ikerketa Osasuna) sareak egindako I+G+B jarduerari buruzko urteko memoriaren datuak dira; sare hori Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistema Osakidetzako osasun-ikerketako institutuek osatzen dute, BIOEFek koordinatuta.
Iazko txostenaren arabera, 10 ikerketatik 4 onkologiaren eta neurologiaren arlokoak dira, eta gainerakoak, berriz, honako espezialitate hauetakoak: mikrobiologia eta gaixotasun infekziosoak; psikiatria, digestio-aparatua eta gibeleko gaixotasunak; endokrinologia; arnasketa-aparatua; edo kardiobaskularra, besteak beste.
Memoriaren arabera, 2.963 pertsonak parte hartzen dute Euskadin osasun-ikerketan, sistema ireki baten esparruan, eta presentzia zabala eta garrantzitsua du tokiko, estatuko eta nazioarteko sare eta plataformetan.
Nabarmentzekoa da 10 ikertzailetik ia 7 emakumeak direla, eta proportzio hori sendotu egin da azken urteetan.
Ikertzaileak Osakidetzako (%73), institutuetako (%16) eta UPV-EHUko (%9) profesionalak dira gehienbat.
Iaz, Euskadi 877 ikerketa klinikotan inplikatuta egon zen, 140 proiektutan parte hartu zuen hirugarren eragileekin lankidetzan, eta kalitatezko ekoizpen zientifikoa sortu zuen, 1.699 argitalpen aipagarrirekin.
Produkzio-sarera transferitzeari dagokionez, euskal osasun-sistemako ikerketa-emaitzen zorroak 63 garapen barne hartzen ditu, eta horietan 31 patente-arlo dituzte.
Osasun Ikerketako Institutuen aurrekontua 37,98 milioi eurokoa izan zen 2023an, eta horietatik % 50 inguru osasun-sistematik kanpoko finantzaketaren bidez lortu zen.