Ildo beretik jarraituko du eguraldiak ostiralean. Giro eguzkitsua nagusi; egunaren lehenengo partean Kantauri isurialdean behe-hodei batzuk agertuko dira, arratsaldetik aurrera barnealdean bero-hodei batzuk gara daitezke eta egunaren amaieran Pirinioetan zaparrada trumoitsuren bat bota lezake, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, haizea aldakor ibiliko da hasieran, gero ipar-ekialdetik finkatu eta indartu egingo da, bolada gogor batzuekin arratsaldean hegoaldean. Azken orduetan haizea hegoaldetik finkatuz joango da. Tenperaturan aldaketa handirik ez, baina gora egiteko joerarekin.
"Goizean, lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodeiekin; goizaldean eta goizean-goiz Kantauri isurialdean baliteke behe-hodeien tarte batzuk izatea. Hego/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; goizean ipar-osagaitik finkatuko da eta arratsaldetik aurrera ipar-ekialdekoa nagusituko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da", azpimarratu dute bertatik.
Bestalde, larunbataren hasieran tenperatura 20 ºC-tik gorakoa izango da jada hainbat tokitan. Eguzkia jaun eta jabe hasieran, zerua guztiz garbi egon ez arren. Tenperatura maximoek ildo beretik jarraituko dutenez, giroa sargoria izango da ziurrenik. Arratsaldean eguraldia aldatu egingo da. Haizeak iparraldera egingo du eta indartu egingo da. Hodeiak ugaritu egingo dira; egunaren amaieran zerua hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu, zenbait lekutan mardulak, batez ere ekialdean.