Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, uztailaren 30ean, beroak jarraipena izango du. Astelehen honetako balioak errepika daitezke eta barnealdean 35 graduko langa aise gaindituko dute termometroek. Gainera, goizaldean hego-haizea ibiliko da eta minimoak ere altuak izango dira.

Giroa argia izango bada ere, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira. Baliteke egunaren lehenengo partean zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Ekialdeko eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta gero iparraldera egingo du: goizean kostaldean eta arratsaldean barnealdean.

Hiriburuetan, Baionan 21 gradu espero dira gutxienez eta 36 gehienez, Bilbon 22 gutxienez eta 35 gehienez, Donostian 22 gutxienez eta 34 gehienez, Gasteizen 20 gutxienez eta 37 gehienez, eta Iruñean 21 gutxienez eta 38 gehienez.

Itsasoan eki-osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar-osagaikoa, 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro erdiko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 00:44an eta 13:24an izango dira, eta itsasbehereak 06:48an eta 19:29an. Uraren tenperatura 22 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Zerua hodeitsu egongo da eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira; arratsalde-gauean bero-hodeiak garatuko dira. Zaparrada trumoitsuak bota ditzake noizbehinka. Txingorra egin dezake. Hego/hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin ekialdean; goizean ipar-osagaira aldatuko du kostaldean eta arratsaldean barnealdean. Gauean iparmendebaldeko haizea ibiliko da. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez barnealdean eta nahikoa igoko dira kostaldean, bereziki mendebaldean".