Labayru Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute eta ondorengo bost urteetan lankidetza proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren inguruko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute bi erakundeen arteko hitzarmena ostiral honetan, Akademiaren egoitzan, Bilbon.

Horrela, alde batetik, diru baliabideak lortzen diren neurrian, 'Esaera zaharrak' (Adolfo Arejita), 'Faksimila' (J. M. Zabala), 'Euskerazko dotrinak. II. Gipuzkeraz' (Jose Maria Rementeria) eta 'Urte urdin ihesak nork lekuskez' (Angel Ugarteburu) argitalpenak kaleratzea aurreikusi dute.

Beste alde batetik, Labayru Fundazioaren materiala Euskararen Erreferentziazko Corpusean egin behar diren azterlanak egiteko erabiliko du Euskaltzaindiak. Honela, eta hitzarmenak jasotzen duen moduan, Labayru Fundazioak 2000tik hona sorturiko euskarazko edukia baliatuko luke Akademiak egun daukan corpusa aberastuz.

Besteak beste, araugintzaren bilakaera aztertzeko, beharrak antzemateko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia aberasteko baliatzen du corpus hau Akademiak. Corpusaren xedea da Euskaltzaindiak dauzkan ahozko zein idatzizko edukiak biltzen dituzten datu baseak aberastea ere.

Horrezaz gainera, Labayru Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarri euren irakaskuntza eta ikerketa ondareak erabiltzeko aukera emango diote, eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera. Azkenik, bi erakundeak lankidetzan arituko dira ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen, euskarari eta euskal kulturari dagozkien eremuetan. Era berean, erakunde biak elkarlanean arituko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko.

EUSKARAREN CORPUSAK

Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak gogoratu du Labayru Fundazioak 50 urtean euskara eta euskal kultura batzeko eta zabaltzeko hainbat egitasmo egin dituela, eta azpimarratu du lan horrek hainbat fruitu eta emaitza izan dituela, "tartean corpus handiak, dela ahozko hizkuntzakoak, dela literaturakoak".

Edonola ere, argitu nahi zan du Labayruren helburua ez dela hori guztia gordetzea, berriz gizarteratzea baizik: "Horregatik, guk daukaguna gizartearentzat da, eta Euskaltzaindiarekin egindako hitzarmen honen bitartez bide ezinhobea hartuko du ondare horrek; transmisioaren bidea hain zuzen ere. Denok ari gara euskararen alde, bakoitza bere sorlekutik eta bere helburuekin, baina denon lana da beharrezko euskararen mundua aberas dezagun eta aurrera egin dezan".

Bestalde, Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du Euskaltzaindiak eta Labayru Fundazioak aspaldiko harremanak dituztela, "izan ere, bi erreferentzia garrantsitsu eta esanguratsuak dira euskararen alorrean, batez ere, Bizkaia aldean. Bi-biok arduratzen dira euskaraz eta euskal kulturaz".

"Horrexegatik da onuragarri aspaldiko hori hitzarmen batean jasotzea, horrela bat egiten dugulako herriak eman dizkigun hizkuntza eta kultura herriari itzultzen, herri-ondare dena aberasteko asmoarekin", azaldu du.

Urrutiak nabarmendu du euskarak "kolore asko" dituela eta horien barruan Labayru Fundazioak lantzen diharduen Bizkaikoa "ezinbestekoa" dela "gaurko euskara standarra moldatzeko bidean". "Dakigunetik ez dakigunera esan ohi zuen Mikel Zarate euskaltzainak, Labayruren aldezle sutsuak, eta dakiguna mundu zabalera eraman, esan genezake gaur ahots batez Euskaltzaindiak eta Labayru Fundazioak, elkarlana sustatuz euskara eta euskal kulturaren inguruan", esan du.