Lehenbiziko barrakak hasi dira heltzen Gasteizko Mendizabaleko esparrura. 25 atrakzio eta zirkuko karpa handia izango dira bertan, eta elikagaien 20 postu eta 20 tonbola eta bingoa ere egongo dira. Irekiera ofiziala uztailaren 22an izango da.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak adierazi duenez, "atzo jaietako egitaraua aurkeztu genuen, eta hirian motorrak berotzen ari gara dena prest izateko, lehenik Santiagorako eta gero Andre Mari Zurirako. Mendizabaleko azoka esparrua da gehien maite den guneetako bat, eta gure artean ditugu jada lehen ferianteak".
Horrela, esparruaren irekiera ofiziala uztailaren 22an izango den arren, batzuek Gasteizko Udalari jakinarazi diote egun batzuk lehenago irekitzeko asmoa dutela. Gran Circo zirkuaren emanaldiak uztailaren 30ean hasiko dira, baina egun bat lehenago San Prudentzio Fundaziorako emanaldi pribatua egingo du desgaitasuna dutenei zuzenduta.
Jardueren eskaintza handia izango da: 25 atrakzio, ostalaritzako 20 postu (elikagaienak eta ardoen etxolak), eta 20 tonbola, bingoa eta tiro egiteko tokia. Haurrentzako eskaintzak 14 atrakzio izango ditu: haurrentzako pista, noria, txu txu trena, Baby Volador, Jumping, txiki park, ohe elastikoak edo kangurolandia. Helduentzat, aldiz, 11 barraka izango dira aurten: Ratón Vacilón, 'ontaña Rusa Selva Encantada errusiar mendia, Saltamontes, autotxokeak, Spider, Lainoa edo Simular 8D.
Irekiera ordutegiak barraka bakoitzaren araberakoak izango dira, baina, gehienetan, barrakak 17:00etatik aurrera egongo dira martxan. Salbuespena abuztuaren 6a, asteartea, izango da, goizean ere irekiko baita. Prezio merkeko hiru egun izango dira: uztailaren 29an arratsaldean, abuztuaren 6an goizean, eta abuztuaren 10ean arratsaldean.
Atrakzio katalogoaz gain, uztailaren 30etik aurrera Circo Holiday zirkuaren karpa handia egongo da Mendizabalen, eta abuztuaren 8ra arte egongo da bertan. Ostalaritza zerbitzuei dagokienez, ardoen lau etxola eta elikagaien beste 16 egongo dira.