Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak Erresistentzia antifeministak azterlana aurkeztu du, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa lanei ematen dien bekaren bitartez lagundutako lana. Bada, ikerlanaren arabera, erresistentzia antifeministak "globalak" dira eta "orokortuta" daude.
Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Miren Gutierrezek koordinatu du lana, eta Garazi Azanza, Miren Berasategi, Xabier Landabidea, Asier Leoz, Irene Perez-Tirado, Maria Pilar Rodriguez, Lorena Ronda eta Cristina Ubani ikertzaileek parte hartu dute bere sorkuntzan.
Ikerketak zenbait eduki digital aztertu ditu berdintasunaren arloko aurrerapen feministen aurkako erreakzioak azaltzeko, ulertzeko eta arintzeko modua aurkitzeko. Horrela, lanak gai horren garrantzia nabarmendu du, "frogatuta baitago lotura dagoela diskurtso matxista, misogino eta atzerakoien eta emakumeen kontrako indarkeriaren artean".
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak joera "orokor eta kezkagarri" hori nabarmendu du aurkezpenean, eta esan du berdintasunean emandako aurrerapausoei "erantzuna" direla. "Erresistentzia antifeministak behin eta berriz agertzen dira berdintasuneranzko aurrerabidearen zantzuak sortzen direnean, genero ikuspegiak politiketan eta praktika sozialean txertatzea oztopatzeko helburuarekin", azaldu du.
Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "nahiz eta etorkizun berdinzaleago baterantz aurrera egin, eraldaketa digitalaren egungo joerek ez dute laguntzen genero berdintasuna, emakumeen eskubideak eta haien ahalduntzea lortzen. Eragin handiko korronte bat dago, batez ere gizon gazteei eragiten diena, maskulinitate hegemonikoa nabarmentzen duena, gizonak biktimizatzen dituena, berdintasunaren eta feminismoaren diskurtsoen aurrean jarrera defentsiboan jartzen dituena".
Ikerketak dio estrategia antifeministak "globalak" direla eta "eremu guztietan" gertatzen direla, eta nabarmendu du Euskadi ez dela erresistentzia antifeministetatik kanpo geratzen. Argitalpenean zehar, ikerketa taldeak eduki digitalak, hedabideenak, plataformenak eta sare sozialenak aztertu ditu, berdintasunerako aurrerapenen aurkako erreakzioak oraindik ere badirela ondorioztatzeko.
Hala, diskurtsoetan antzematen dira aurrez aurreko erasoak, biktimak errudun bihurtzen dituztenak eta berdintasun ezaren existentzia ukatzeko ahalegina. Berdintasuna defendatzen duten erakundeen, politiken, ideien eta pertsonen aurkako jarrera dute ezaugarri nagusi.