Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, asteartean, uztailaren 2an, ipar isurialdean behe-hodei ugari izango da eta noizbehinka euri txikia egingo du; orduak pasa ahala atertu eta ostarteak zabalduko dira, ipar-ekialdean izan ezik. Hegoaldean zerua tarteka hodeitsu egongo da hasieran, baina gero garbitzera egingo du eta arratsaldea eguzkitsua izango da.

Iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin arratsaldean, eta tenperaturan aldaketa handirik ez. Hiriburuetan, Baionan 16 gradu espero dira gutxienez eta 21 gehienez, Bilbon 16 gutxienez eta 20 gehienez, Donostian 15 gutxienez eta 19 gehienez, Gasteizen 12 gutxienez eta 19 gehienez, eta Iruñean 15 gutxienez eta 22 gehienez.

Itsasoan ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta itsaskirria eragingo du. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 02:16an eta 14:49an izango dira, eta itsasbehereak 08:19an eta 20:51n. Uraren tenperatura 20 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.

Balorazioa

"Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta zerua partez hodeitua geratuko da, tarte hodeitsuekin kostaldean. Euri txikia egingo du noizbehinka, batez ere Kantauri isurialdean; eguerditik aurrera atertzera egingo du. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorren batekin haizeguneetan; arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".