eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaritza bat El Salvadorren dago egunotan udalerrietan lider diren emakume politikarien eta horien ahalduntzearen esperientzien truke batean.
Euskal ordezkaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Emakumeak, parte hartze politikoa eta boterea. El Salvadorren udal mailako berdintasunerako ibilbide bat eraikiz lankidetza teknikoko ekimen bat da, eta NBE Emakumeak sustatu du El Salvadorreko emakume erregidore, delegatu eta alkateen erakunde nazionalarekin batera, eLankidetzaren babesarekin.
Virginia Woolf Basqueskola sareko kideak diren Pilar Legarra Asteasuko alkateak eta Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko zinegotziak, eLankidetzako estrategia koordinatzaile Noemi de la Fuentek eta lankidetza teknikari Maite Garmendiak, Maria Sierra eta Amagoia Arrieta Emakundeko berdintasun teknikariek eta Eukene de Miguel Eudeleko berdintasun teknikariak osatzen dute euskal ordezkaritza. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta ostiralean hasiko den foroan batuko da modu telematikoan.
Egunotan, euskal ordezkaritzak lantegietan parte hartuko du, eta topaketak izango ditu herrialdeko emakumeen elkarteekin eta bilerak hainbat udalerritako agintari eta teknikariekin. Bileren bidez, Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratu nahi dira emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta politikarien prestakuntza prozesuetan.
Bisita bukatzeko, euskal ordezkariek Esperientzien Trukerako Foroan parte hartuko dute, San Salvadorren, ostiralean eta larunbatean, maiatzaren 17an eta 18an. Lehenengo egunean, emakumeen aurkako indarkeria politikoaren gaia jorratuko dute. Basqueskolatik, Santurtziko zinegotzi Itziar Carrocerak horiek detektatzeko eta prebenitzeko euskal esperientzia partekatuko du, eta Eudeleko eta Emakundeko teknikari Eukene de Miguelek eta Amagoia Arrietak tokitik eragin politikoa sustatzeko Euskadin izandako esperientziei buruz hitz egingo dute.
Bigarren egunean, parte hartze politikoa eta formakuntza sustatzen dituzten El Salvadorreko zein Euskadiko esperientziak partekatuko dira. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak telematikoki hitza hartuko du Euskadin emakumeen lidergo eraldatzaileak sustatzeko bultzatzen den lanari buruz aritzeko. Asteasuko alkate Pilar Legarrak, berriz, emakume politikarien prestakuntzari eta agenda publikoan eraginari buruzko ekimenak partekatuko ditu.