Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak garapenerako lankidetza programetarako laguntzen deialdia argitaratu du. Aurrekontu saila 150.000 eurokoa da identifikazio faserako, eta Ipar eta Hego Globaleko erakundeen eta eragileen arteko lankidetza sustatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzenduta dago.

eLankidetzak jakinarazi duenez, urtarrilaren 12an argitaratu zen programen dekretu berria, diruz lagun daitezkeen bi fase zehazten dituena: identifikazio fasea eta exekuzio fasea. Bada, eLankidetza diru laguntzak emango dizkie horietako bakoitzari, orain egin duen bezalako deialdien bidez. Exekuzio faseko laguntzak eskuratzeko beharrezkoa izango da aurkeztutako proposamenak aldez aurretik diru laguntza jaso izana identifikazio fasean. Horregatik, aurtengo deialdia identifikaziorako bakarrik izango da.

Era berean, lehen fase horretan diruz lagundutako programek diru laguntza jasotzeko hautaketa prozesua ere gainditu beharko dute, bigarren fasera aurkezten badira.

Aurtengo deialdian, erakundeek eskera bakarra aurkeztu ahal izango dute, eta baldintza batzuk bete beharko dituzte, besteak beste, egoitza edo ordezkaritza Euskadin izatea, dagokien erregistro publikoan izena emanda egotea izaera juridikoaren arabera eta kudeatzeko eta estrategiarako gaitasuna izatea. Erakundeek www.elankidetza.euskadi.eus edo www.euskadi.eus webguneetan eskura dezakete informazioa eta egin dezakete eskabidea.