Gasteizko BIZAN zentroen udako egitaraua ekainaren 17tik irailaren 28ra bitarte egingo da aurten, eta 109 ikastaro eta tailer izango dira, 1.559 plazarekin. Eskaintzaren helburua da "uda garairako aisialdirako alternatibak eta aukerak izatea adinekoen eta haien ingurunearen garapen pertsonal eta sozialerako", Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Gizarte Politiken zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez.
BIZAN 60 urtetik gorako pertsonentzako zentroen sarea da, eta 16 zentro eta informazio bulego bat ditu. Informazio espezializatua, ikastaroak eta jarduerak, eta zerbitzuak eta programak eskaintzen dituzte, modu aktiboan parte hartzeko aukera emanez.
Bada, udan hiru jarduera mota izango dira. Alde batetik, 60 urtetik gorakoentzako ikastaroak eta tailerrak antolatu dira (eskaintzaren zatirik handiena); bestetik, 11 tailer generatibo izango dira adinekoentzako, eta azkenik, herritar guztientzat irekitako 12 tailer eskainiko dira.
Aurreko udarekin alderatuta, aurten 33 ikastaro eta tailer berri izango dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira 'Bidaiak planifikatzeko tresna digitalak', 'Bidaiatzeko ingeles erabilgarria', 'Irakurketa kluba', 'Saskibaloia oinez' edo 'XX. mendeko musika', besteak beste. Tailer generatiboen artean, oso gai berritzaileak egongo dira, hala bola 'Billar frantsesaren hastapenak' izenekoa.
Udako programazioak iraupen ezberdineko jarduerak eskainiko ditu
Udako programazioak iraupen ezberdineko jarduerak eskainiko ditu: 15 egunekoak, hilabetekoak, bi hilabetekoak eta hiru hilabetekoak. "Udan, tailer asko iraupen laburrekoak izaten dira, atsedenaldietara eta erabiltzaileen oporretako deskonexiora egokitzeko. Horrek, gainera, konpromiso txikiagoa izatea errazten du eta gai berriak probatzera animatzen du. Gainera, jarduera asko naturarekin kontaktuan eta aire zabalean egiten dira, eguraldi hobea aprobetxatuz", azaldu du zinegotziak.
Gainera, uda sasoian, 75 urtetik gorakoentzako jarduerak eta urte osoko programazioak mantentzen dira (abuztuan izan ezik). Horietako batzuk dira, adibidez, osasun parkeen dinamizazioa (hiriko 18 txokotan) eta BIZAN zentro bakoitzean antolatzen den 'Piztu zure auzoa' ekimena. Biak doakoak dira eta ez da izena eman beharrik.
Udako eskaintzetarako izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da, 08:30ean, eta plazak izen-emate ordenaren arabera beteko dira. Izen-ematea aurrez aurre egin daiteke BIZAN zentroetan, herritarren arretarako bulegoetan, gizarte etxeetako informazio zerbitzuetan eta kirol instalazioetan, sarean udalaren webgunean eta telefonoz 010 edo 945 16 11 00 zenbakietara deituta.