Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak lurraldean abere arrazak hazteko, abereen osasunerako eta abereen ekoizpenerako programa kolektiboak kudeatzeko laguntzen deialdia onetsi du, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurune Sailak eskatuta, eta 2024rako laguntza lerroak 785.000 euroko zuzkidura du.

Zuzkidura %11 handitu da 2023koarekin alderatuta, eta neurriak sartu dira ziurtapenak arindu ahal izateko

Foru erakundetik jakinarazi dutenez, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurune Sailak aurrera jarraitzen du abeltzaintza sektoreak Arabako abereen ekoizpena eta osasuna hobetzeko egiten dituen ahaleginak babesteko konpromisoarekin, laguntza ekonomikoko lerro horiei eutsiz.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da.

Gainera, zuzkidura %11 handitu da 2023koarekin alderatuta, eta neurriak sartu dira ziurtapenak arindu ahal izateko eta, laguntzak justifikatu ondoren, aldi jakin batean behin ordaindu ahal izateko.

Zehazkiago, abere arrazak hazteko programak kudeatzeko laguntzen aurrekontua 440.000 eurokoa da, abere osasuneko programak kudeatzeko laguntzena 203.125 eurokoa, eta abereen ekoizpenerako programak kudeatzeko laguntzena 141.875 eurokoa. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa da, erabakia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuta.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2024-2025 urteetarako Donostiako Miramar jauregia birgaitzeko lanetarako diru laguntza onetsi du, eta guztira 2.144.294 euro izango dira, 1.167.515 euro aurten eta 976.779 euro datorren urtean.

Eusko Jaurlaritza Miramar Jauregiko partzuergoko kide da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, eta, ondorioz, birgaitze lanen herena ordaintzea dagokio. Kursaal Elkargunea S.A. da eraikinaren kudeaketaren arduraduna eta berak jasoko du lanak egiteko diru laguntza, Jaurlaritzatik zehaztu dutenez.

Lanei dagokienez, eraikin nagusian sotoa, beheko solairua eta lehenengo solairua egokituko dira ekitaldiak egiteko. Irisgarritasuna hobetuko da, eta aldagela eta komun berriak egingo dira. Bigarren solairua ere egokitu egingo da, alokatzeko bulegoak sortzeko.

Zerbitzuen pabilioiari dagokionez, eraikinaren egitura arriskuan jartzen duten hezetasunak kenduko dira, eta gainerako eraikinetan esku hartze txikiak egingo dira. Era berean, suteen aurkako instalazioa egingo da eraikin guztietan. Obrak 2025ko abendurako bukatuta egotea aurreikusi da.