Gure Zirkuak zazpigarren birari ekingo dio ostiralean, maiatzaren 10ean, eta lehen aldiz Araban hasiko du, Etxabarri Ibiñako Gorbeia merkataritza gunean jarriko baitu karpa, "lurraldearekiko sentitzen duen zorra kitatu asmoz".

Euskal zirku ibiltariko iturriek jakinarazi dutenez, Gipuzkoan, Bizkaian eta Zuberoan abiatu izan ditu Gure Zirkuak orain arteko birak; Nafarroan ere urtero izaten da taldea, eta hainbat asteburuz azken urteetan.

Aitzitik, 2018an errepideetara atera zenetik, bi egonaldi baino ez ditu egin Araban (Gasteizen 2019an eta Amurrion 2022an), eta hala, "taldeak sentitzen zuen lurraldearekiko nolabaiteko zorra kitatzeko beharra". Arantza hori ateratzeko asmoz, Gure Zirkuak Araban abiatuko du 2024an zehar egingo duen zazpigarren bira, Etxabarri Ibiñako Gorbeia merkataritza gunean.

"Gure Zirkuak sorreratik izan du bere karpa ahalik eta lurralde, eskualde eta herri gehienetara eramateko helburua, baita zirkurik sekula ikusi gabeko herrixketara ere. Ahalegin horretan, taldeak urrun edota iristeko zail ziruditen hainbat eremutara iristeko erronka bete du", azaldu dute.

Halere, oraindik ere bada Gure Zirkuak zapaldu ez duen euskal herrialde bat, eta bertara iristeko xedea izango du aurten zirku ibiltariak. Horren aurretik, ordea, euskal zirku ibiltariak "ilusio handiz" iragarri ditu 2024ko birako lehen emanaldiak, Etxabarri Ibiñako Gorbeia merkataritza gunean, maiatzaren 10, 11, 12, 17, 18, 19, 24 eta 25ean.

Ondoren, Gure Zirkua Bizkaira joango da eta Arrigorriagan jarriko du karpa maiatzaren 31n eta ekainaren 1, 2, 7 eta 8an. Emanaldiotarako sarrerak salgai daude jada Interneten, www.gurezirkua.eus webgunean.