Amurrion egindako topaketa batean –bilera bukatu eta gero eguzki-energia produzitzeko instalazioa hartuko duen partzelari egin zaion bisitarekin eta bi urte baino gehiagoko estudio-lanen eta tramitazioen ondoren– eman zaio hasiera herritarrei Aiarako Ekiola energia-kooperatiban parte hartzeko aukera irekitzeko kanpainari.
EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Arabako Foru Aldundiaren Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko diputatu Amaia Barredo, Mondragon taldeko Krean ingeniaritza-enpresa sustatzaileko Odei Arzak eta Amurrioko alkate Txerra Molinuevo izan dira bileran. Irekitze-fase horri orain hasiera ematen dion proiektuaren egungo egoeraren berri eman da topaketan, eta urtean 1.550 MWh-ko bermatutako produkzioa aurreikusten da proiektuari esker.
Eskualdeko herritarrak eta saltoki txikiak autohornikuntzarako eguzki-energiako produkzio-instalazio berria kudeatuko duen kooperatibara erakartzeko eta bertan sartzeko asmoz ematen dio hasiera AIARAKO EKIOLAK sozializazio-fase berri honi.
700 kooperatibista izan nahi ditu proiektuak eta eguzki-parke fotovoltaikoaren eraikuntza “aukera” bat izango da haientzat, Ekiola Aiaraldeak ekarriko dituen mozkin ekonomikoengatik zein ingurumenari eta gizarteari lotuta ekarriko dituen onurengatik.
Urtean batez besteko 2.200 kWh-ko kontsumitzaile batentzat 1.900 euro inguru izango da kooperatibara egin beharreko ekarpena, kontsumitutakoaren berdina izango den urteko energia sortzeko. Horrekin betetzen da Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat, hau da, kooperatibistak urtebeteko aldian eskari elektrikoaren % 100aren burujabe izatea.
Aiarako Ekiolaren energiaren kalkulatutako batez besteko prezioa 30,00 €/MWh izango da gutxi gorabehera (karguak, zergak eta bidesariak kenduta) lehenengo urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren bizitza erabilgarria 30 urte izango dela aurreikusten da, eta horrek energia epe luzean kostu oso erakargarrian sortzea eragingo du.