Tokiko Gobernu Batzordeak, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sailak hala proposatuta, ikus-entzunezko proiektuak garatu eta ekoizteko eta gidoiak idazteko laguntzen beste deialdi bat onartu du gaur.

2024ko deialdiak 100.000 euro izango ditu eta hiru jarduera-lerrotan banatuta dago. Lehenengo jarduera-lerroari dagokionez, Udalak 50.000 euro bideratuko ditu film luzeen, telesailen eta minitelesailen proiektuak garatzen laguntzeko (fikziozkoak, dokumentalak edo animaziozkoak) gero zinema, telebista eta plataforma digitaletan jendaurrean eskaintzeko.  Halaber, Udalak 40.000 euro inbertituko ditu film laburren ekoizpena sustatzeko, eta 10.000 euro gidoi zinematografikoak idazteko.

Vitoria-Gasteizko enpresa, ekoizle eta gidoilariei zuzendutako laguntzak dira, eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkarian argitaratu ondoren eskatu ahal izango dira. “Laguntza-lerro honen bidez, iaz laguntza ekonomikoa eman genien ikus-entzunezko 10 proiektu eta 2 gidoiri”, iragarri du Maider Etxebarriak, Gasteizko alkateak.

“Ikus-entzunezkoen sektoreak enplegua eta aberastasuna sortzen ditu gure hirian, eta balio erantsia da kulturarentzat. Uste dut denok dakigula hori eta, horregatik, erakundeok oso inplikatuta gaude horren garapenean. Horretarako, hobari fiskalak eta gaur onartutakoaren moduko laguntzak eskaintzen ditugu edo Film Officek eskaintzen duenaren moduko zerbitzuak eta aholkularitza jaso ditzakete”, nabarmendu du Gasteizko alkateak.

Film Office doako udal-zerbitzua da, eta helburua da beren filmaketa-lanetarako agertoki gisa Gasteiz aukeratzen duten ikus-entzunezko ekoizpenak sustatzea eta babestea. Bulego horrek ekoizpenak azkar eta erraz egiteko beharrezkoak diren lokalizazioak eta izapide guztien kudeaketa errazten ditu.

“Ekoiztetxeek gure hirian beren proiektua garatzeko agertoki egokia aurkitzea nahi dugu, baita sektorean prestigio handia duten profesionalekin harremanetan jartzen laguntzea ere, Estatu mailako zein nazioarteko edozein lani lotutako eskakizunak eraginkortasunez bete ditzaten”, adierazi du Etxebarriak.