Martín Fiz Maratoia Vitoria-Gasteizko kaleetara itzuliko da maiatzaren 5ean. XXI. edizioak 19 herrialdetako 3.000 parte-hartzaile bildu nahi ditu, eta hiru modalitate izango ditu: maratoia (42 kilometro), maratoi erdia (21 kilometro) eta lasterketa herrikoia (10 kilometro). Iazko zirkuituak izandako arrakastaren ondoren, 2024an Arabako hiriburuko erdigunetik igaroko da berriro ere. Irteera eta helmuga Mendizabalako Cervantes ibilbidean egongo dira. 42 km eta 21 km-ko distantzietan parte hartuko dutenak Artium Museotik, Foru eta Andre Maria Zuriaren plazetatik eta Floridako Kioskotik igaroko dira.

Ana López de Uralde Kirol eta Osasunaren zinegotziak maratoiaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean, Maratoiaren zuzendari teknikoarekin, Martín Fizekin; Kultura eta Kirol foru-diputatuarekin, Ana del Valekin; lasterketaren zuzendariarekin, Aitor V. Morelekin; Orekabide elkarteko boluntario batekin, Asier Magánekin; eta TotalEnergieseko ordezkariarekin, Idoia Gonzálezekin, batera.

López de Uraldek proba honen garrantzia eta Udalak kirolaren alde egin duen apustua azpimarratu nahi izan ditu; “Gasteizen kasuan, kirola bere nortasun-ezaugarrietako bat da. Kirolaren aldeko apustua egiten dugu; izan ere, kirolak osasuna, ongizatea, inklusioa eta garapen ekonomikorako aukera biltzen ditu bere baitan. Proba hau Gasteizerako aukera bikaina da, 19 herrialdetatatik iritsitako kirolariak gerturatuko baitira hirira. Eta horrek turismo-, merkataritza- eta ostalaritza-jarduerak bultzatzea dakar berekin”. Halaber, zinegotziak emakumeen kirolarekiko konpromisoa nabarmendu nahi izan du: “Maratoiaren edizio honetan, Udalak emakumeen parte-hartzea balioetsi eta sustatu nahi izan du, eta izena eman duten emakumeei maiatzaren 5eko hitzordurako Majida Maayouf atleta arabarrarekin batera entrenatzeko eta prestatzeko aukera eman nahi die”.

Aurten ere, lasterketak izaera solidarioa izango du eta Prado parkean egingo den Maratoi Txikiko izen-emateekin bildutako guztia Aspanafoa Arabako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartera bideratuko da.

Lasterketaren aurreko egunean, gainera, elkartasun-ibilaldia egingo da, Orekabidek, nahasmendu bipolarra eta depresioa duten gaixoei eta senideei laguntzeko elkarteak, antolatuta. Martín Fizek eta eliteko beste kirolari batzuek parte hartuko dute ibilaldi horretan, osasun mentalaren garrantzia ikusarazteko.

Maiatzaren 5ean, igandean, jokatuko den lasterketan parte hartu nahi dutenek Maratoiaren webgunean izena emateko webgunearen bidez egin ahal izango dute.