Baionako Askatasun plazan bukatuko da Korrikaren 23. edizioaren 2.500 kilometroko ibilbidea igandean, martxoaren 24an, eta festa handia" prestatu dute auzolanean, "Korrikak merezi duen modukoa", aurkezpenean nabarmendui dutenez.
Igandeko bukaera eguna aurkezteko prentsa agerraldia egin dute Korrikaren arduradunek Baionako Patxa plazan. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertara dadin, eta, era berean, ustea adierazi dute hitzordu ederra izango dela Baionako herritarrentzat nahiz eragileentzat.
Amaiera ekitaldia Askatasun plazan izango da, herri etxearen parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusita dago, eta une horretan jakingo da nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea eta mezuaren beraren edukia. Ekitaldi nagusiaren aurkezlea Pantxika Maitia izango da.
Ibai Capot Thornary azken eguneko arduradunak azaldu du "kasik dena" dagoela prest Baionako jairako eta ospakizunak egun osoa iraungo duela. Festa "handia" prestatu dute auzolanean, "Korrikak merezi duen modukoa", eta elkarlanean aritu da Baionako eta Ipar Euskal Herri osoko antolaketa taldea.
Ekitaldiak hainbat gunetan egonen dira sakabanatuta, publiko mota guztiei begira, egitarauan Iparraldeko kultur eragileen parte hartzea lehenetsita. Horrela, besteak beste, hala nola Ibil Bedi, Anje Duhalde, Patxaranga elektrotxaranga eta Pontx pailazoa izango dira.
Jean Rene Etchegaray Baionako alkateak ere parte hartu du prentsaurrekoan, eta nabarmendu nahi izan du edizio honetan bereziki hiri osoa aritu dela buru-belarri Korrikaren alde.