Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatutako mobilizazioetan "aktiboki parte hartzeko" deia egin die herritarrei.
Aldarrikapenerako eguna dela gogorarazi du Emakundek, eta aurten bereziki aukera bat dela adineko emakumeek berdintasunari eta, zehazki, emakume gazteenen ahalduntzeari egiten dioten ekarpena aitortzeko.
Miren Elgarrestaren iritzia, "ahalduntzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako eraldaketa sozialerako baldintza eta bermea da"
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, gaurko egunaren helburuari dagokionez, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "ahalduntzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako eraldaketa sozialerako baldintza eta bermea da; emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dago berdintasunik".
Zentzu horretan, martxoaren 8a emakumeen ahalduntze kolektiboaren beste erakusgarri bat izatea espero du, eta gogorarazi du beharrezkoa dela eragile sozial, politiko eta ekonomiko guztien inplikazioa emakumeen eskubideak bermatzeko eta gizarte eredu iraunkorragoa eta berdinzaleagoa lortzen laguntzeko. Horrela, gizarte osoa gonbidatu du Berdintasunaren eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Itunean parte hartzera.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak Gasteizko manifestazioan parte hartuko du (18:00etan, San Anton plazan hasita), eta Miren Elgarrestak Donostiakoan (18:30ean, Antiguako tunelean hasita).