Arabako foru garraioaren erabiltzaileentzako arreta zerbitzu integralak herritarren 38.215 telefono dei, posta elektroniko eta sare sozialetako mezu artatu ditu 2023an. Alavabus eta eskualdeko garraioaren eskaintzari buruzko informazio praktikoa biltzeko eta kudeaketak egiteko kontsultak izan dira, hala nola txartelen erreserba eta erosketa aurreratua.
Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren diputatuak eman du kopurua, Arabako Batzar Nagusien kontroleko osoko bilkuran ahoz egin dioten galdera bati erantzunez.
Gainera, zerbitzuaren "oso balantze positiboa" egin du funtzionatzen izan den lehen urte osoan, eta "proiektu hau diseinatu eta abian jartzeko asmatu izana" erakusten duela eskaerak.
Foru garraioaren erabiltzaileei arreta integrala emateko zerbitzuak 38.215 telefono dei -batez beste 22 segundoko itxaronaldiarekin-, posta elektroniko eta sare sozialetako mezu jaso ditu 2023an. Erabilerak goranzko bilakaera izan du zerbitzua hasi zenetik: hilean batez beste 2.000 interakzio izan ziren 2022an, eta 3.100dik gora 2023an.
Iaz erregistratutako zerbitzuen %90 baino gehixeago 945 18 20 60 telefono zenbakiaren bidez egin ziren; erabiltzaileen %9k alavabus@araba.eus posta elektronikoa erabili zuen, eta gainerakoek X sare sozialeko @AlavabusEus profila. Zerbitzua erabili zuten hamar pertsonatik zazpi emakumeak izan ziren; interakzioen %97 gaztelaniaz egin ziren, eta %3 euskaraz.
Nogalesek zehaztu duenez, erabiltzaileen ia erdiek zerbitzua erabili dute ibilbideei, ordutegiei, geralekuei, tarifei edo ordaintzeko moduei buruzko informazio praktikoa eskatzeko, eta %41ek laguntza eskatzeko txartelak erreserbatzeko edo aldez aurretik erosteko orduan.
Gainerako erabilerek garrantzi kuantitatibo txikiagoa dute: %8 enpresa emakidadunei bideratutako kontsultak izan dira, eta %4 iradokizunak eta erreklamazioak, batez ere ordutegiei, atzerapenei edo irteera aurreratuei eta indargarriei buruzkoak.
"Oso balantze positiboa egiten dugu zerbitzuaren lehen urteari buruz, baina garrantzitsuena da erabiltzaileek ere oso iritzi ona dutela zerbitzuaren funtzionamenduari buruz: 2023an gogobetetze inkesta bat egin genuen 500 erabiltzaileren artean, eta jasotako arretari emandako batez besteko puntuazioa 8,9 da, 10 puntutik. Hau da, arabarrek ia bikain batekin puntuatzen dute zerbitzua", adierazi du.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 2022ko maiatzean jarri zuen abian foru garraioaren erabiltzaileentzako arreta integraleko zerbitzua, argibide praktikoak emateko, kudeaketak egiten laguntzeko eta proposamenak eta iradokizunak jasotzeko. Zerbitzua 07:30etik 22:00etara dago erabilgarri urteko 365 egunetan, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 945 18 20 60 telefono zenbakiaren, alavabus@araba.eus posta elektronikoaren eta X sare sozialeko @AlavabusEus profilaren bidez.