Desgaitasun intelektuala duten 154 pertsonek enplegu publikoko sei lanpostu betetzeko Eusko Jaurlaritzaren hautaketa prozesuko bi probetako lehena egin dute Gasteizko Europa biltzar jauregian atzo. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) egin du proben antolaketa eta kudeaketa.

Enplegu publikoa lortzeko hautaketa prozesuetan bete beharreko baldintza orokorrak betetzen dituzten eta %33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala aitortua duten pertsonek parte hartu dute proban. Bost lanpostu ordenantza plazak dira, karrerako funtzionarioen kategoriarekin, eta bestea sukaldeko laguntzaile plaza da, lan kontratu finkoarekin, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Izangaiek test moduko azterketa bat egin dute, garatutako eta argitaratutako gai zerrendaren zati orokorrari dagokiona. Hilaren amaieran egingo dute bigarren azterketa, gai zerrendaren zati espezifikoari dagokiona, eta hori ere test motakoa izango da.

Ordenantza plazak karrerako funtzionarioenak dira, eta sukaldeko laguntzailearenak lan kategoria finkoa izango du. Plaza guztiak administrazio orokorrean esleitu eta integratuko dira.

Enplegu publikoa lortzeko prozesu honetan beteko diren plazak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bere lanpostu zerrendetan berariaz gorde dituenak dira, desgaitasun intelektuala duten pertsonek bete ditzaten.

Azterketak gainditzen dituzten baina plaza lortzen ez duten pertsonak berariazko lan poltsetan sartuko dira. Poltsa horiek hautaketa prozesua amaitutakoan sortuko dira, eta lanpostuak aldi baterako betetzeko balioko dute, beharrezkoa denean.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeak ezarritakoaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak lan eskaintza publiko hau egiten du desgaitasun intelektuala duten pertsonak lan munduan eta, kasu honetan, administrazio publikoan erabat integratzeko urrats eraginkor gisa.