Gasteizen dago Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) belatxikien populazio bakarra, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen unitateak eskatuta Txepetxa elkartea egindako inbentarioak txori espezie horren 24 bikoteren habi zuloak identifikatu baititu.

"Emaitzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidego osoan, bideragarria izan daitekeen populazio bakarra Gasteizko hirigunean dago eta populazioa gehienez 80 hegaztikoa da. Kopurua txikia da eta, beste populazio batzuetatik isolatuta dagoenez, etorkizuneko bideragarritasuna arriskuan egon eta oso zaurgarria izan daiteke", ohartarazi du Pascual Borja Gasteizko Udaleko Ingurumen eta Biodibertsitateko zinegotziak.

Estatu mailan, belatxikiaren %75 arteko populazio beherakadak deskribatu dira eta, ondorioz, 'Espainiako Hegaztien Liburu Gorria' argitalpenean arriskuan dagoen espezie gisa jasota dago.

Txepetxa elkarteak egindako azterlanaren bidez, eraikinak aukeratzeko garaian dituzten lehentasunei buruzko informazio ezezaguna, bizitza zikloari eta ugalketarekin lotutako arrakastari buruzko datu orientagarriak eta espeziearen portaerarekin lotutako behaketa puntualak lortu dira.

Inbentarioa egiteko garaian ikusi dutenez, belatxikiak "eraikin zaharrak hartzeko ohitura du, 1900 aurrekoak, habia egiteko egurrezko teilatu hegalak dituztenak". "Dena den, eraikin berriagoetako eta hiriguneko zuhaitz handietako zuloetan ere bizi dira", adierazi du Borjak.

Datuak ikusita, "belatxikientzako egokiak izan daitezkeen zuloak urriak direla esan daiteke. Gainera, zulo horiek eskuratzeko garaian usoekin duten lehiak egoera larriagotzen du, bai eta molestiak ekiditeko bizilagunen komunitate batzuek zulo batzuk pixkanaka itxi izanak ere. Arazo horietako batzuk saihesteko modua izan daiteke eraikin publikoetan edo zuhaitzez inguratutako guneetan habia kutxak instalatzea, usoekiko eta bizilagunekiko gatazka txikitzeko".

Belatxikia tamaina ertaineko korbidoa da. Bere ezaugarri bereizgarriena kolore griseko garondoa da, gainerako lumen kolorearekin kontraste handia eragiten baitu (kolore beltz bizia dute lumek). Haien hotsa berezia da eta hiriko soinu paisaiako elementuetako bat da dagoeneko, batez ere Alde Zaharrean eta Zabalgunean. Gainera, ohikoa da zeruan ikustea, talde txikiak eratuz.

Giza populazioetan finkatzea gustatzen zaio, eraikinen barrunbeak edo zuhaiztietako tarteak umatzeko erabilita. Hala ere, azken hiru hamarkadetan beherakada nabarmena izan du Europako hegoaldean, batez ere nekazaritza intentsiboa orokortu izanaren ondorioz.