Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 17.235 kultur ekitaldi egin dira 2023. urtean, hau da, aurrekoan baino %6 gehiago, Kulturaren Euskal Behatokiak ostegun honetan argitaratu duen 'EAEko kultura programazioaren azterketa. 2022an 16.221 kultur ekitaldi programatu ziren.

Kulturklik atariak jasotzen duen agendan oinarritzen dira datuak. www.kulturklik.euskadi.eus webgune interaktiboa da, kultur eragile guztiei zabalik dagoena, eta haien programazioa eta eduki interesgarriak zabaltzea du helburu.

Bada, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakinarazi dutenez, 2023an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultura jardueraren banaketa honako hau izan da, Kulturklik atarian jasotako ekitaldi motaren arabera: kontzertuak %32,3, antzerkia %20,9, ikus-entzunezko proiekzioak %10,1, erakusketak %7,2, hitzaldiak %7, bertsolaritza %6,2, dantza %4,3 eta bestelakoak %12.

Ekitaldi ugarienak kontzertuak izan dira, 5.569 guztira, aurreko urtean baino %6 gehiago, eta gehienak musika garaikideari dagozkio (%77,4). Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 14,4 euro izan da 2023an. Bizkaian programatu dira kontzertu gehien (%44,6), eta ondoren Gipuzkoan (%41,5) eta Araban (%13,9). Halaber, kontzertuen %27 euskaraz izan dira.

Antzerkiari dagokionez, 2023an 3.601 ekitaldi programatu dira (guztira, 4.562 emanaldi edo funtzio), eta ekitaldi bakoitzeko batez besteko prezioa 10,9 euro izan da. Emanaldien erdia baino gehiago Bizkaian izan dira (%50,4); antzerki emanaldien % 35,1 Gipuzkoan izan dira, eta %14,5 Araban. Hizkuntzari dagokionez, funtzioen %44,1 gaztelaniaz izan dira, eta %41,2 euskaraz. Antzerki genero adierazgarriena testu antzerkia izan da (%59,2), eta ondoren zirkua (%13,9). Gainera, 2023an Euskadin taularatutako funtzioen %43 haurrei edo familiei zuzenduta egon dira.

Dantza

Bestalde, 2023ko EAEko kultur programazioaren azterketaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 742 dantza ekitaldi programatu dira 2023an (845 dantza emanaldi), aurreko urtean baino %8,3 gehiago.

Ordainpeko dantza ikuskizunen batez besteko prezioa 13,4 euro izan da, eta dantza garaikidea izan da EAEko agertokietan presentzia handiena izan duen generoa, antzezpen guztien %66,6rekin; ondoren, ballet klasikoa dator (%4,9).

Halaber, 1.233 erakusketa egin dira 2023an EAEn, %48,6 Bizkaian, %32,8 Gipuzkoan eta %18,6 Araban. Aztertutako erakusketak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte inauguratu direnak dira, amaiera data edozein dela ere. Era berean, ez dira sartu 2023an jendearentzat irekita egon arren 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen inauguratutako erakusketak.

Azkenik, Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, 2023an 1.065 bertso saio egin dira EAEn, gehienak Gipuzkoan (%53,4), baina baita Bizkaian (%36,6) eta Araban (%10) ere.