Lanbide Enpleguko Zerbitzu Publikoak hiru milioi euro bideratuko ditu 2024an gazteek prestakuntza eta lana txandakatzeko HEZIBI programa finantzatzera. Gazteek beren lanbide gaitasunak hobetzea nahi da egitasmoaren bidez, enpresa batean ordaindutako jarduera egiten duten bitartean, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzako gobernu kontseiluak onartu du Lanbide Heziketako ikasleei eta gazte langabeei zuzendutako programaren zuzkidura.
HEZIBI programaren helburua da lanbide gaitasunak hobetzea, profesionaltasun ziurtagiri bat edo hasierako Lanbide Heziketako titulu bat lortuz, enpresako lan jarduera ordainduarekin txandakatuta. Horrela, enpresen beharrak langileek eskuratutako gaitasunetara egokitzen lagundu nahi da.
Hiru milioi euroko zuzkidura txandakako prestakuntza kontratuen diru laguntzak eta profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeari lotutako proiektuen kostu gehigarria finantzatzeko izango da. Enpresek programaren esparruan egiten duten lanaldi osoko txandakako prestakuntza kontratuaren urte bakoitzeko 2.000 euroko diru laguntza emango da, eta kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa edo hortik gorakoa bada, edo %100etik beherako lanaldia badu, diru laguntza iraupenaren eta lanaldiaren araberakoa izango da.
Era berean, 400 euroko diru laguntza emango zaio ziurtagiria emango duen prestakuntza zentroari, txandakako profesionaltasun ziurtagiria egingo duen pertsona bakoitzeko.
Joan den urtean 867 kontraturi eman zitzaien diru laguntza, 1,67 milioi euro banatuz, eta 2022an, berriz, 782 kontraturi, 1,52 milioi euro banatuz.