Eusko Jaurlaritzak finantza zerbitzuak bermatuko dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) landa eremuko 64 udalerriri (8 Araban, 22 Gipuzkoan eta 34 Bizkaian), kutxazain automatikoak instalatzeko laguntza lerro bat ezarrita. Lizitazioa martxoan irekiko da udalerri bakoitzean zerbitzu horren diru laguntza esleitzeko.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak iaz aurreratu zien ekimena finantza erakundeei, landa garapena landa eremuen hazkunde eta biziberritze prozesutzat hartuta, biztanleriaren bizi baldintzak hobetzeko, hainbat ardatz nagusiren bidez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Hernando Lacalle Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak Arabako Navaridas herrian egindako ekitaldian azaldu duenez, ekimenaren helburua da "benetako finantza inklusio baten alde lan egitea, hazkundea ahalbidetzeko landa eremuen garapen ekonomikoan".

Arabako Foru Aldundiak eta Kutxabank erakundeak bultzatutako kutxazain automatiko baten instalazioan izan da Lacalle, Arabako Aldunduko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatu Anartz Gorrotxategirekin batera, besteak beste.

"Helburua da benetako finantza inklusio baten alde lan egitea, hazkundea ahalbidetuko duena landa eremuen garapen ekonomikoan. Izan ere, banku zerbitzuak ematen dituzten erakundeen presentziak aurrezkia, familien inbertsioa eta enpresa proiektuen garapena sustatzen du, eta horrek, aldi berean, eremu osoaren aurrerapen ekonomikoari laguntzen dio", ziurtatu du azkenik Lacallek.