Iñigo Urkullu Lehendakariak “Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresua inauguratu du Bilboko Euskalduna Jauregian. Lehendakariarekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritan eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia ere egon dira beste agintari eta arduradun politiko batzuekin batera.

Atzo eta gaur Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Bilbao Museoan egingo den kongresuak aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da. Guztira 550 pertsona baino gehiagok eman dute izena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatutako kongresuan.

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, "enpresa baten kalitate-bereizgarria bere lan-prozesuen ezaugarriengatik eta azken produktuagatik baloratzen da. Badakigu hizkuntzak kudeatzen eta balioesten dituzten enpresak lehiakorragoak izango direla. Baita gure Herrian ere, Euskadin. Ekonomia eta enpresa globalizatuagoa dugun heinean, atzerriko hizkuntzak ere kontuan hartu behar ditugu, ofizialak izan ala ez ". Lehendakariak gaineratu du lanean hizkuntzak kudeatzeak berekin dakarrela "hizkuntzen ezagutza eta erabilera kudeaketa-sisteman integratzea. Horrek esan nahi du hizkuntza-kudeaketak balioa duela enpresaren jardueran, eta, informazio hori baloratuta, gainerako erabakiak hartzen direla ". Era berean, azpimarratu du langileen edo bezeroen hizkuntzan lan egiteak onurak dakarzkiela prozesuei eta, beraz, produktuari edo zerbitzuari, eta gaineratu du "teknologiak gure hizkuntzen zerbitzura jartzea ere herrialde mailako erronka handia" dela, eta helburu horren alde lan egiten jarraitzea merezi duela.