Araban gizarte arloan lan egiten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde guztiek eta pribatuek, bai eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, haren erakunde laguntzaileek eta Indesa 2010 sozietateak ere, irekita dute dagoeneko epea proposamenak aurkezteko Gizarte Zerbitzuetako Jardunbide Egokien BeBai aitorpena lortzeko 2024ko deialdi berrira. 

Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak bultzatutako saria da, lurralde historikoan gizarte zerbitzuen arloan egiten den lan ona saritzeko, sektorean lan egiten dutenak oro har ezagutuak eta aitortuak izan daitezkeen ekimen berritzaileei ekitera motibatzeko eta gizarte erakunde guztietan ikerketa kultura sustatzeko, eta laugarren ekitaldia da aurtengoa.

Proposamenak 2024ko martxoaren 22ra arte aurkeztu ahalko dira. Informazio guztia hemen kontsulta daiteke: https://web.araba.eus/eu/gizarte-zerbitzuak/jardunbide-egokiak

Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiak dira Arabako Lurralde Historikoan egin diren proiektu, jarduera edo esperientzia guztiak, hain zuzen, harreman elementua esku hartzeak humanizatzeko funtsezko bektore gisa sustatu eta indartu duen arreta testuinguru positibo bat sortu dutenak.

Jardunbide egokiak aitortzeko deialdiak 2023ko edizioak utzi zuen arrastoari jarraipena eman nahi dio. Hartan, Indesa enplegu bereziko zentroko Arbulo atalak GOFEren zentro okupazionalekin, Gasteizko Udalarekin, Helios zentro okupazionalarekin, Arabako Hiesaren Aurkako Herritar Batzordearekin eta Ajuria foru egoitzarekin lankidetzan eta Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko Arreta Psikosozialeko taldearekin egindako hainbat proiektu saritu ziren, eta, horrez gain, ohorezko aitorpena egin zitzaion Afarabari.

2024ko aitorpenen sariak maiatzaren 16an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo den urteko topaketan emango dira aurten ere. Ospakizuna eta gogoeta uztartzea bilatuko duen topaketa izango da, ondo egindako lanaren poza eta laguntza jasotzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea helburu duten esku hartzeen inguruko hausnarketa partekatzeko proposamen batetik abiatuta.