Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du 2023ko behin-behineko balantzea. Orokorrean, istripu-tasak azken urteotako beheranzko joera finkatu du, baina heriotza-tasaren banaketa ezberdina izan da: gora egin du Gipuzkoan eta behera gainerako lurraldeetan. Era berean, behera egin du kolektibo zaurgarrietako biktimen (motor-gidarien eta oinezkoen) kopuruak.
Guztira, 45 pertsona hil dira trafiko-istripuan Euskadin, eta 2022an baino biktima bat gehiago izan dira, beraz, eta 2019an baino 6 gutxiago (pandemia aurreko parekatzeko moduko azken urtea). Generoaren arabera, hildako pertsonen % 87 (39) gizonak ziren eta % 13 emakumeak (6). Kolektibo zaurgarriei dagokienez, behera egin du hildako motor-gidarien kopuruak (11; iaz 14 hil ziren eta 2021ean 17), bai eta oinezkoenak ere (8; eta 2022an 15 hil ziren eta 2021ean, berriz, bakarra).
Datuak perspektiban aztertuz gero, beheranzko joera mantentzen da 2000. urtetik, urte horretan 218 pertsona hil baitziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2023an 45.
HERIOTZA-TASA LURRALDEEN ARABERA
Lurraldeak kontuan hartuta, historikoki heriotza-tasa baxuagoa izan ohi da Araban, eta oso antzekoa, aldaera txiki batzuekin, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina aurten Gipuzkoan heriotza gehiago izan dira, 31 pertsona hil baitira istripuetan, eta 2022an 18 hil ziren eta 2021ean 16; 2015era egin behar da atzera antzeko zifra bat aurkitzeko (31 hildako).
Aitzitik, hildakoen kopuruak nabarmen egin du behera Bizkaian, 8 pertsona hil baitira, eta 2022an 18 hil ziren eta 2021ean 16. Araban neurri txikiagoan egin du behera, 6 heriotza gertatu baitira, eta 2022an 8 gertatu ziren eta 2021ean 10.
KOLEKTIBO ZAURGARRIAK
Euskadin hildako 45 pertsona horietatik % 47 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 11 motor-gidariak ziren, 8 oinezkoak eta 2 txirrindulariak. Generoari dagokionez, txirrindulari guztiak gizonak ziren, bai eta motor-gidarien % 91 (emakumeak % 9) eta oinezkoen % 62 (emakumeak % 38) ere.
Aurreko urteekin alderatuz gero, 2023an kolektibo zaurgarrietako hildakoen ehunekoa % 32 jaitsi da 2022arekin alderatuta, % 2 2021ekin alderatuta eta % 21 2019arekin alderatuta.
2023an, motozaleen kolektiboan izandako hildakoen beherakada nabarmentzen da, 11 biktimarekin, azken urteetako kopururik txikiena izan baita (2022an 14 izan ziren eta 2021ean 17). Era berean, jaitsi egin da oinezkoena, 8 heriotzarekin, 2022an 15 hil baitziren (2021ean, berriz, bakarra). Bestalde, 2023an bi txirrindulari hil dira, 2021ean bezala, eta 2022an biktima bakarra izan zen.
MUGIKORTASUNA
Mugikortasunaren arloan, 2023an gainditu egin dira 2022an erregistratu ziren fluxuak, bai Biriatuko mugako pasabidean bai ibilbide luzeko trafikoan eta hiriburuetako sarbideetan.
Azken horretan % 7ko igoera izan da 2022koarekin alderatuta (eta ia % 2koa 2019koarekin alderatuta). Modu horretan, azken urteetako beheranzko joera hautsi da, eta pandemia aurreko ohiko hazkunde-erritmora itzuli da. Igoera horrekin zerikusia duen faktore garrantzitsu bat 2023an erregaiaren prezioa nahiko egonkortu izana da, hasieran gora egin zuen arren.
Era berean, mugikortasunak gora egin du ibilbide luzeko joan-etorrietan (2022an baino ia % 8 gehiago eta 2019an baino % 11 gehiago). Igoera aipagarriak dira, eta pandemia aurretik erregistratutakoa baino zertxobait handiagoa den urteko igoera-erritmoa islatzen dute. Gauza bera gertatzen da mugaz gaindiko trafiko-fluxuekin. Kasu honetan ere % 7 igo dira 2022koekin alderatuta, eta % 20 2019koekin alderatuta, pandemia aurreko urteko hazkunde-erritmoa nabarmen gaindituz.
ISTRIPUEN TASA
Mugikortasunak gora egin badu ere, istripuen tasak beheranzko joeran jarraitzen du. Ertzaintzak erregistratutako behin-behineko datuen arabera, 2023an 7.494 trafiko-istripu gertatu dira Euskadin (2022an baino % 2 gutxiago eta 2021eko ia kopuru bera). Horietatik, 2.460 biktimak eragin dituzten istripuak izan dira: Araban 349, Bizkaian 1.194 eta Gipuzkoan 917.
Bestalde, 420 zauritu larri izan dira (2022an baino % 10 gutxiago eta 2021ean baino % 8 gutxiago).
Hildakoen tipologiari begiratuz gero, 34 gidariak dira (11 motozikleta-gidariak, 2 bizikleta-gidariak eta 21 autoen edo bestelako ibilgailuen gidariak), 3 bidaiariak eta 8 oinezkoak.
SENTSIBILIZAZIO-PROGRAMAK
Sentsibilizazioaren arloan, 2023an 65 urtetik gorako biztanleriari zuzendutako programa berri bat garatu da, biztanle horiek herritarren % 23,5 baitira Euskadin. Helburua da kolektibo horri bideko arriskuak identifikatzen eta euren buruak babesten laguntzea. Izan ere, bai 2023an eta bai 2022an hildako oinezkoen erdiak adin horretatik gorakoak ziren.
Joan den urrian abian jarri zenetik, Arriskua gutxien espero duzunean dago. Ehun aldiz begiratu programa Euskadiko 6 herritara eraman da, eta 2024an beste 16tara eramatea aurreikusten da. Orain arte 65 urtetik gorako 1.051 pertsonak parte hartu dute programa horretan.
Gazteei dagokienez, jada finkatuta dagoen Don’t be dummy! Para ti no hay repuestos / Zuk ez duzu ordezkorik sentsibilizazio-estrategiaren balantzea ere aurkeztu da. Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta 2017an abian jarri zenetik, prebentzio-programa ibiltari hori 64 herritako 180 ikastetxetara iritsi da, Euskadiko hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan parte-hartzaile ugari izan dira.
Guztira 184 ekitaldi programatu dira, eta horietan 45.283 ikaslek parte hartu dute, eta balantzea oso positiboa izan da. Ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuei aurrea hartzeko segurtasunaren garrantziaz jabetu direla.