Eustaten datuen arabera, Euskal AEko administrazioek (Estatuko administrazioaren eta Gizarte Segurantzako Sistemaren mendeko langileak kontuan hartu gabe) 146.968 langile zituzten lanean 2023ko urtarrilaren 1ean. Beraz, Euskal AEko administrazioetako landunen kopuruak % 0,2ko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuta.
Sexua kontuan hartuta, egiturak egonkor jarraitu du. Zehazki, 93.804 emakume aritu ziren lanean Euskal AEko administrazioan 2023. urtean (% 63,8, hau da, 2022an baino 2 hamarren gutxiago). Gizonak, berriz, 53.164 izan ziren, hau da, % 36,2 (% 0,7 gehiago). 2018-2023 aldian, administrazioan diharduten emakumeen kopurua % 11,1 igo da.
Ezaugarri hori administrazio bakoitzean aztertuta ikus daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak eta haren mendeko erakundeek emakume enplegatu guztien %71,5 bildu dituzte. Feminizazio-tasa % 50etik gorakoa izan da administrazio guztietan, eta, berriz ere, Eusko Jaurlaritza nabarmendu da, % 69,8ko tasarekin. Haren atzetik, foru-aldundiak kokatu dira, % 59,8ko tasarekin. Toki-erakundeak hamar puntura kokatu dira, eta, kasu horretan, gizonen eta emakumeen proportzioa ia bera izan da: gizonak % 50,8 dira, eta emakumeak % 49,2.
2023ko urtarrilaren 1ean, funtzionarioak Euskal AEko administrazio publikoetako enplegatu guztien % 62,7 ziren, hau da, aurreko urtean baino zortzi hamarren gehiago (% 1,5eko igoeraren ondoren), eta % 36,3 langile lan-kontratudunak (bi kasuetan, Osakidetzako estatutupeko langileak barnean hartuta). Gainerako % 1a goi-kargudunak ziren.
Enpleguaren behin-behinekotasunari dagokionez, langileen % 54,9 finkoak ziren, funtzionarioak, lan-kontratudunak eta estatutupeko finkoak barnean hartuta.
Bestalde, bitarteko funtzionarioak % 20,2 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino lau hamarren gehiago, % 7,9ko igoeraren ondoren. Bitarteko funtzionarioen bilakaera hori Euskal AEko administrazio guztietan gertatu da, baina esanguratsuagoa izan da toki-erakundeetan (% 9,9) eta aldundietan (% 9,7). Bestalde, aldi baterako langile lan-kontratudunen proportzioak % 3,9ko jaitsiera izan du aurreko urtekoarekin alderatuta, eta % 23,9koa izan da. Administrazio guztiek beherakada bat izan dute kategoria horretan, eta foru-aldundiak eta haien mendeko erakundeak nabarmendu dira, % 7,4ko jaitsierarekin. Haien atzetik, toki-erakundeak eta haien mendeko erakundeak kokatu dira, % 6,1eko jaitsierarekin.
2023ko urtarrilaren 1ean, bitarteko funtzionarioak eta aldi baterako langile lan-kontratudunak guztien % 44,1 ziren, urtetik urtera % 1,2ko igoera izan ondoren.