Arabako Natura Zientzien Museoak "Pedro Uribe-Echevarría. Landareei izena jartzen zien gizona" erakusketa inauguratu du. 2024ko apirilaren 8ra arte egongo da ikusgai, eta Pedro Mª Uribe-Echebarría Díaz (1953-2013) botanikari gasteiztarrari egindako omenaldia izango da.

Ia lau hamarkadaz, Pedro Uribe-Echebarríak botanikan lan handia egin zuen Araban, bai eta Euskal Herrian eta inguruetan ere. Bokazioa Biologia Zientzietako ikasketak amaitu ondoren sortu zitzaion, 1975ean, Arabako flora aberatsa dokumentatzeko herbarioa sortzen hasi zenean. Proiektu hori garatzeko, AEPNAn (Arabako Natura Ikertzeko eta Babesteko Elkartea) sartu zen, Arabako Foru Aldundiaren Kultura Kontseiluaren mendeko elkartean, zeinak joan den mendeko 1970eko hamarkadan Gasteizen naturaren arloan zegoen jakin mina bildu baitzuen.

Belarrak biltzera egin zituen lehenengo irteerak Gasteizko Mendietara egin zituen, eta bizikletaz joaten zen. Baina hastapenak zailak izan ziren. Araban ez zegoen botanikan aditurik; bitartekoak urriak ziren eta esperientzia falta handia zuen. Beraz, zailtasun horiei irtenbidea jartzeko, 1976ko maiatzean, Jakako Pirinioetako Ekologia Institutura (CSIC) joan zen. Han, Pedro Montserrat Recoder doktoreak, zeina bere Ekologiako irakaslea izan baitzen unibertsitate ikasketetako azken urtean, talde botaniko fidagarri bat zuzentzen zuen. 

Montserrat irakasleak botanikan nola lan egin irakatsi zion, bai landan, bai laborategian, eta nabarmendu zion kontuz egin behar direla belar bilketak, eta kontuz prestatu (prentsaketa) eta dokumentatu (etiketatzea) materiala. Herbarioen garrantziaren ideia ere helarazi zion. Montserrat irakaslearen botanika zientziekiko gogo biziak eta zaletasunak modu erabakigarrian markatu zuen Pedroren etorkizuneko ibilbide profesionala.

Pedro Uribe-Echebarríak 200 artikulu zientifiko, liburu eta txosten tekniko baino gehiago egin zituen. Gainera, zientziarako 27 landare berri deskribatu zituen. 1980an, Arabako Foru Aldundiak Arabako Landarediaren Mapa egiteko eskatu zion. Lan hori erabakigarria izan zen Pedroren ibilbidean, eta gaitasun eta fidagarritasun handiko profesionala zela berretsi zuen. Geroago, 1990eko hamarkadan, Euskal Herriko landaretza eta floraren mapa eta katalogazio proiektua egin zen, eta, horretarako, talde bat sortu zen, eta Pedrok bere lan egiteko modu serio eta arduratsua transmititu zion.

Haren botanika lanaren lekukotza nagusia VIT herbarioa da, urte horietan guztietan pasioz landu zuen herbarioa. VIT herbarioa Arabako Natura Zientzien Museoko bilduma garrantzitsuenetako bat da, eta 14.000 landare espezie jasotzen dituzten 206.000 agiri baino gehiago ditu. Gaur egun ere hazten ari da, eta gure lurraren landare aniztasuna ulertzen laguntzen du.

Pedrok komunikaziorako gaitasun handia zuen, eta Arabako florari eta landarediari buruzko bere azalpenek emozioa transmititzen zuten. Horregatik, hasieratik bokazioak erakarri zituen eta kolaboratzaile talde bat sortu zuen. Talde horri Montserrat irakasleak irakatsi zion botanika egiteko modua helarazi zion. Bere kolaboratzaileetako zenbaitek botanikan lanean jarraitzen dute gaur egun, eta haiei esker luzaroan iraungo du Pedro Uribe-Echebarríaren obrak eta oroitzapenak.

Botanika jardunaldiak

Horren harira, urriaren 26tik 29ra egingo diren Pedro-Uribe Echebarría lehenengo Botanika Jardunaldien atarikoa da erakusketaren inaugurazioa. 

Arabako Natura Zientzien Museoak, Olarizuko Lorategi Botanikoak eta Arabako Natur Institutuak eta Alavesiak (Arabako Natura Zientzien Museoaren Lagunen Elkartea) antolatu dituzte