Prostituzioaren arazoa da Vital Fundazioak antolatutako ‘Genero berdintasuna’ zikloaren hurrengo hitzordurako aukeratu den gaia. Datorren ostiralean, hilak 27, 18:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua), hitzaldi bat izango da, publikoari irekia eta doakoa, gai horri bere ikuspegi juridikotik eta sozialetatik heltzeko, Gizarterako elkartearen eskutik. Hizlari bi arituko dira, Miren Ortubay abokatua eta kriminologoa, Zigor Zuzenbidean doktorea eta EHUko irakaslea, genero indarkerian eta presoen eskubideetan aditua, ikuspegi juridikoaz arduratuko da, eta beste aldetik, Laura Prieto Bilboko Oblatetatko gizarte langilea, arlo sozialaz arduratuko da. Hitzaldien ondoren, eztabaida egongo da.
Gizarterako Elkarteak Vital Fundazioarekin partekatzen du bere sentsibilitate soziala, eta prostituitutako emakumeekin egiten du lan gure lurraldean. Emakume horiei lan-aukera alternatiboak lortzen laguntzen die, beraientzat eta haien familientzat bizitza hobea izateko aukera izan dezaten. Hori guztia genero-berdintasunaren ikuspegitik. Kolektibo horren jarduerak estigma soziala dakar berekin, eta, gaur egun, gainera, konplexutasun handiagoa hartzen du, lotura estua baitu legez kanpoko immigrazioarekin eta sexu-esplotaziorako pertsonak salerosteko arriskuarekin.
Jardunaldian, lege-aldaketek prostituzioaren fenomenoan zer eragina izan dezaketen aztertuko da, eta iritzi publikoari pentsamendu kritiko eta arduratsua izateko tresnak eta argudioak ematen saiatuko da. Hizlariek azalduko dutenez, gai hori lan horretan diharduten emakumeen kontua izateaz gain, prostituzioa inguratzen duen sistema oso bat dagoela, lehenik eta behin prostituzioa kontsumitzen duten gizonek osatua (gizonen % 25ek baino gehiagok onartzen du noizbait egin duela, INEren arabera); proxenetismoa eta sexu-esplotaziora bideratutako pertsonen salerosketaren sareak eta mafiak, prostituzioan ari diren emakumeei esker irabaziak eta onura ekonomikoak ateratzen dituztenak; eta, oro har, praktika horiek normalizatu dituen eta egoera horretan dauden emakumeak estigmatizatu eta kriminalizatu dituen estandar matxistetan hezitako gizartea.
Ponentzietan, arazo horren aurrean “beste alde batera begiratzen duen” legeria aztertuko da, baita emakume kalteberenak arriskuan jartzen dituzten prostituzioaren aurkako zenbait lege opaku ere. Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren onarpenak eta proxenetismoa bere forma guztietan debekatzeko Zigor Kodeko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren proposamenak zalantzak sortu dituzte, prostituzioan aritzeari buruz ez ezik, prostituzioan aritzen diren emakumeei buruz ere.