Arreta psikosozial eta espiritualak hobetu egiten ditu paziente aringarrien ongizatea eta gogo-aldartea, La Caixa Fundazioaren programa baten emaitzen ebaluazioaren arabera.

Gaixotasun Aurreratuak dituzten Pertsonentzako Arreta Integralerako Programa da, eta bizitzaren azken prozesuan dauden gaixoei kalitatezko arreta eskaintzea du helburu, ospitaleetako, egoitzetako eta estatu osoko etxebizitzetako Arreta Psikosozialeko Taldeen esku-hartzearen bidez. Programa honen balantzea gaixotasun aurreratua duten 6.471 pazienteren lagin baten gainean egin da, eta Kataluniako Vic-Central Unibertsitateko zainketa aringarrien Katedrak eta Institut de Recerca Germans Trias i Pujol-ek egin dute. Urriaren 14an egiten den Zainketa Aringarrien Nazioarteko Eguna dela eta, La Caixa Fundazioak aste honetan ezagutarazi duen azterlanak arreta psikosoziala jaso ondoren pazienteek izaten dituzten hobekuntzak kuantifikatzen ditu.

Zehazki, arreta jaso duten pertsonen %78 txarto sentitzen zen lehen bisitan, eta, profesionalekin egindako saioaren ondoren, portzentajea erdira jaitsi da.

Era berean, laguntza psikologikoa, soziala eta espirituala jasotzeak sendotu egin ditu zerbitzu horietako pazienteen % 66ren indarguneak eta baliabideak, ikerketaren arabera.

La Caixa Fundazioak nabarmendu du programa honek alderdi psikologikoak (antsietatea edo depresioa bezalako sintomak), sozialak (familiarekin eta ingurunearekin harremanak izateko gaitasuna) eta funtsezkotzat jotzen direnak (espiritualtasuna edo duintasuna, esaterako) hobetzen lagundu duela.

Programa Osasun Sistema Nazionalaren Zainketa Aringarrien Estrategiaren barruan dago, eta, 2008tik, 650.000 pertsonari baino gehiagori lagundu die (290.181 gaixo eta 372.630 senide), La Caixa Fundazioaren arabera.