Síguenos en redes sociales:

Euskadiko biztanle kopuruak gora egin du eta 10.228 pertsona gehiago daude 2023an

Hazkundea hiru lurralde historikoen artean banatzen da

Euskadiko biztanle kopuruak gora egin du eta 10.228 pertsona gehiago daude 2023an

Euskal AEn, 2023ko urtarrilaren 1ean, 2.196.745 pertsona daude; alegia, 10.228 pertsona gehiago (+% 0,5) 2022an baino, Eustaten datuen arabera. Hala, azken bi urteetako joera alderantzikatu da: 2022an, 6.682 pertsona gutxiago izan ziren, eta, 2021ean, 6.512.

Balio absolutuetan, populazioaren gorakadarik handiena Bizkaian izan da, 2022an baino 4.810 bizilagun gehiago baitaude (+% 0,4); ondoren, Gipuzkoan, 719.875 bizilagun baitaude, joan den urtean baino 3.259 gehiago (+% 0,5), eta, azkenik, Araban, 2.159 bizilagun gehiago baitaude, eta hala, guztira, 332.851 baitira (+0,7%).

Analisia aldi zabalago batean eginez gero, 2003tik 2023ra bitartean, ikusiko dugu Arabak 41.813 biztanle gehiago dituela eta, beraz, % 14,4 egin duela gora biztanle kopuruak, ondoren Gipuzkoak % 6 (40.812 pertsona gehiago). Bizkaiak aldi horretan 24.170 biztanle gehiago lortu ditu, biztanleriaren % 2,2.

Euskal AEko hiriburuei dagokienez, hiruretan hazi da biztanle kopurua 2022tik 2023ra bitartean. Hazkundetik handiena Bilbon izan da, 2.029 biztanle gehiago baititu; ondoren, Gasteizen, 1.994 gehiago baititu, eta, azkenik, Donostian, 872 pertsona gehiago baititu. 2003ko datuak ikusita, Bilboko biztanle kopurua murriztu egin da azken 20 urteotan, 3.291 pertsona gutxiago baitira (–% 1), eta Donostiakoak igoera txikia izan du, 2.611 pertsona gehiago baitira (+% 1,5). Gasteizen, berriz, biztanle kopuruak gora egin du eta 30.517 pertsona gehiago dira, % 13,9 azken bi hamarkadotan (lehen 219.583 ziren eta, orain, 250.100).

Euskal AEko gainerako udalerriei dagokienez, nabarmendu behar da azken urtean 145 udalerrik populazioa berreskuratu dutela, eta 99k, galdu. Populazio-igoerarik handiena Barakaldo (479 biztanle), Santurtzi (364 biztanle), Leioa (309 biztanle) eta Sestao (282 biztanle) udalerriek izan dute, denak ere Bilbo Handia eskualdean. Jaitsierarik handiena, termino absolutuetan, Getxok izan du berriro, 199 biztanle gutxiago baititu, baina jaitsiera azken urteotakoa baino pixka bat txikiagoa izan da (–% 0,3). Elduain, Lanestosa eta Kuartango udalerriak izan dute jaitsierarik handiena ehunekotan; hiru kasuetan % 5 baino handixeagoa.

2003tik 2023ra bitartean, Portugaletek, Getxok, Basaurik eta Sestaok galdu dute biztanle gehien (Bilbo Handia eskualdeko udalerriak): guztira 16.766 pertsona. Gipuzkoan Arrasatek eta Eibarrek eta Bizkaian Ondarroak ere bakoitzak 1.000 biztanle baino gehiago galdu ditu.

Eskualdeei dagokienez, zehazki Bilbo Handiak izan du azken urtean biztanle kopuruan igoerarik handiena, 3.678 biztanle gehiago izan baititu; ondoren, Arabako Lautadak (2.076 gehiago) eta, gero, Donostialdeak (1.924 gehiago). Gainerakoetan, 20 eskualdeetako 4k baino ez dute galdu populazioa, eta guztiek ehuneko txikian: Markina-Ondarroa (143 biztanle gutxiago, % 0,6), Debabarrena (88 gutxiago, % 0,2), Arabako Mendialdeak (35 biztanle gutxiago, % 1,1) eta Añana (20 biztanle gutxiago, % 0,3).

2003. urteraino atzera egiten badugu, Arabako Lautadan izan zen igoerarik handiena, eta besteekiko aldea nabarmena izan zen, 35.000 pertsona baino gehiagoko igoera izan baitzen; ondoren, Donostialdean, 15.742 biztanle gehiagorekin eta, gero, Plentzia-Mungian, 12.800 gehiagorekin. Bi eskualdek soilik galdu zuten populazioa: Bilbo Handia (2.720 pertsona gutxiago) eta Markina-Ondarroa (778 gutxiago).