Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloko babes soziala indartu du Euskadin
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur eman ditu ezagutzera 2023-2028 eperako bizitegi-bazterkeria larriaren aurkako II. Euskal Estrategiaren zirriborroaren ildo nagusiak, egoera horretan dauden pertsonei beren eskubideak erabiltzen uzteko eta erabat inklusiorako bidean aurrera egiteko.
“Estrategiak etxerik gabeko pertsonek etxebizitzarako duten eskubidea indartzen du, etxegabetzeak saihesteko neurriak sendotuz eta etxebizitza galdu duten pertsonei eta familiei beren beharretara egokitutako bizitegi-alternatiba bat eskainiz”, azaldu du sailburuak.
Sailburuak gaur inauguratu ditu Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalarekin, Gasteizko Udalarekin eta Donostiako Udalarekin batera Euskadiko egoitza-bazterkeriari buruzko VI. jardunaldiak.
Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egindako jardunaldian, Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea, Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria, eta Xabier Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, izan dira lagun.
Hitzaldian, Melgosak adierazi duenez, “dokumentuaren zirriborroak 19 neurri ezartzen ditu egoitza-bazterkeria prebenitu eta murrizteko, pertsonek etxebizitza, enplegua, diru-sarrerak bermatzea, osasuna eta gizarte-zerbitzuak izateko duten eskubidea sustatuz, arreta-baliabideen kalitatea hobetuz eta erakundeen eta sistemen arteko lankidetza sustatuz”.
“Familia-erreferenterik ez duten gazteei helduarora igarotzen laguntzeko dira neurri berriak, egoitza-zentroetan eta barneratze-zentroetan alta emanda dauden gazteei lagunduz”, esan du sailburuak.
Era berean, Melgosak adierazi duenez, “estrategiaren zirriborroak gizarte-zerbitzuen, enpleguaren, osasunaren eta diru-sarreren bermearen sistemak etxerik gabeko pertsonen beharretara egokitzea planteatzen du, besteak beste, prestazioetarako sarbidea erraztuz edo berariazko prestakuntza-baliabideak garatuz”.
Ildo beretik, sailburuak nabarmendu du beharrezkoa dela “etxerik gabeko pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea, biktimizazioari aurrea hartuz”, eta azaldu du “dokumentu berrian jasotzen dela garrantzitsua dela herritar guztiak sentsibilizatzea bizitegi-bazterkeriaren fenomenoari buruz, eta gizarte-pertzepzioa eraldatzea etxerik gabeko pertsonei buruz”.
Nerea Melgosak ere balioa eman dio etxerik gabeko pertsonei laguntzeko egindako inbertsioari: “Euskadin, estatuko estaldura-tasarik altuena dugu: 1.000 biztanleko 1,4 pertsona artatu ditugu, eta biztanleko gastu publikoa 30 eurotik gorakoa izan da; Estatuan, berriz, 7 eurotik gorakoa”.
“Hala ere, ezin gara kopuruekin bakarrik geratu”, esan du Melgosak, eta honako hau gaineratu du: “Egoitza-bazterkeria larria eragiten duten faktoreak azpimarratu nahi ditugu, hala nola, gaixotasunaren bat, langabezia, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna, diru-sarrerarik eza edo urritasuna eta gizarteratzeko harreman-babesik eza”.
Azkenik, sailburuak adierazi du “zirriborroak bere gain hartzen duela egoitza-bazterkeria larrian dauden emakumeek soilik erabiltzeko baliabide espezializatuak sortzeko konpromisoa”. Eta, era berean, honako hau ere zehazten da: “emakumeok ahulagoak gara egoitza-bazterkeriaren aurrean, genero-desberdintasun sozialak, lan-diskriminazioa eta autonomia ekonomikorik eza bezalako faktoreengatik. Eskubide askotatik kanpo uzten gaituzten oztopo askori aurre egiten jarraitzen dugu, eta etxebizitza eskuratzea ez da salbuespena”.
Bazterketa egoeran dauden pertsonen egoerari buruzko VI. Azterlana
Euskadiko egoitza-bazterkeriari buruzko VI. Jardunaldietan, gainera, EAEko 23 udalerritan 2022ko urrian egindako Egoitza-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen VI. kontaketaren emaitzak aurkeztu dira.
Azterlan horren arabera, 2018 eta 2022 artean, kaleko egoeran aurkitutako pertsonen kopurua 430etik 658ra igaro zen (507 hiriburuetan), pandemiaren osteko goranzko joerari eutsiz (2020), eta proportzio handiagoan hazi zen Donostian eta, ondoren, Bilbon.
Aldi berean, ostatu-baliabideetan pertsona gehiago sartu ziren, eta 1.253 pertsona izatetik 1.991 izatera igaro ziren.
“Etxerik gabeko” pertsonen artean, atzerritarren pisu erlatiboa etengabe hazten ari da 2016. urtetik (%63) 2022ra (%78).
Emakumeen kopurua konstante mantentzen da. 10etik 1 emakumeak ziren 2022an.
30 urtetik beherako gazteak %25etik %35era igaro dira hiru hiriburuen batuketan, 2016 eta 2022 bitartean.
Euskadin, etxerik gabeko pertsonen kopurua hazi egin da, batez ere, etxerik gabeko atzerritarren kopurua handitu delako.
Temas
Más en Actualidad
-
El presidente serbio responde a las protestas con dimisión y candidatura a primer ministro
-
Page invita al PSOE a la autocrítica y a pensar también en el partido de "pasado mañana"
-
Udako liburutegiak irekiko dira ekainaren 29an Bilboko auzoetan
-
Israel ordena a sus tropas en Líbano prepararse para "una larga estancia" tras el acuerdo con Beirut