Gasteizko Maratoi Erdia Arabako hiriburuko kaleetara itzuliko da abenduaren 17an. 21,097 kilometroko distantziako lasterketa zaharrena den honen 45. edizioan Arabako Txapelketa ere jokatuko da eta edizio guztietan parte hartu duten 5 atletei aitortza berezia egingo diete: Txetxu Ruiz de Arkaute, Manu Arguijo, José Antonio Nájera, Iñaki Marañón eta Juanjo Galdos.
Kirol zinegotziak, Ana López de Uraldek, hartu du parte Arabako Atletismo Federazioak antolatzen duen lasterketaren aurkezpenean. Bertan azaldu duenez, kirol-ekitaldia baino gehiago da. Izan ere “beren taldearekin, lagunekin eta senideekin batera beste lurralde batzuetatik bidaiatzen duten pertsonen parte-hartzeak gure hirian inpaktu handia du turismoari eta ekonomiari dagokienez”.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, López de Uraldek “gure hiriko eta beste lurralde batzuetako kirolariak” animatu nahi izan ditu “hiria bisitatzera eta 2 mila izen-emateko marka gainditzen laguntzera”, azpimarratu zuen. Gonbidapen hori, gainera, txikiei ere zabaldu nahi diegu. Izan ere, haientzat bereziki antolatutako modalitatean parte hartzeko aukera izango dute”. Lasterketa txikiko izen-emateekin bildutako dirua helburu sozial batera bideratuko da.
"Lasterketa 10:30ean abiatuko da Lasarteko Atetik eta helmuga Amadeo García de Salazar plazan egongo da. Ibilbidea aurreko edizioko berbera izango da eta parte-hartzaileek 2 ordu eta 30 minutuko muga izango dute amaitzeko", ondorioztatu zuten azkenik Gasteizko Udaletik hedabideei bidalitako prentsa-ohar baten bitartez.