Aste honetatik aurrera, Euskera ikerketa aldizkaria-k webgune propioa izanen du, Open Journal System (OJS) egituran txertatua. Bertan, aldizkariari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango da, hala nola helburuak, politika editoriala, idazketa arauak, talde editoriala, argitaratu diren eduki guztiak eta abar.

Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa batzordeak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du PEER REVIEW itsu bikoitza sistema erabiliz. OJS sistemak erraztu egiten du aldizkariak datu-base eta bilaketa-motor desberdinetan indexatzea eta horrek areagotu eginen du aldizkariaren irisgarritasuna. Horretaz gain, artikuluei esleitutako metadatuei esker, edukiak errazago aurkitu eta berreskuratu ahal izanen dira. Era honetara, hemendik aurrera datu-base akademikoetan informazioa eguneratuta egongo da eta irakurlearen esperientzia aberasgarriagoa izanen da. Euskera ikerketa aldizkariak bi zenbaki argitaratuko ditu urtero. Lehena, urtarrila- ekaina aldiari dagokiona, eta bigarrena, uztaila-abendua aldikoa. Ikerketa alorreko edukiak ohiko bizitza akademiko arloetatik (sarrera-hitzaldiak, agiriak, txostenak, adierazpenak, jardunaldiak,...) bereizteko helburuarekin sortu da Euskera ikerketa aldizkaria. 2023. urteko lehen zenbaki honetan euskal hizkuntzaren ikasketetan ikerlari esanguratsu hauek argitaratuko dituzte beren lanak: Andres Iñigo (euskaltzain emeritua), Jabier Kaltzakorta (Deustuko irakasle eta ikerlaria), Joseba Lakarra (UPV/EHUko katedraduna), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlaria) eta Luis Mari Zaldua (ikerlaria).

Euskera aldizkaria Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala izan da 1920. urtetik 2022ra bitartean. Aldizkari horrek 100 urtetik gorako bizitza du eta aldi historiko batzuk-batzuk izan ditu. Garai historiko desberdinetan argitaraturiko edukiak kontsultagai izanen dira webguneko hemeroteka atalean. 2023tik aurrera aldiz bi argitalpen izanen dira: batetik, Euskera ikerketa aldizkaria eta bestetik, Euskaltzaindiaren buletina. Ikerketa aldizkariak, Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu- aipamenak eta antzekoak jasoko ditu, paperean eta euskarri informatikoan argitaratuko da. Buletinak aldiz, Euskaltzaindiaren jarduna eta bizitza akademikoa bilduko ditu eta modu elektronikoan argitaratuko da.