Beste urte batez, Arabak Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetako haur sahararrak besarkatu ditu ongietorri bero batekin. Haur horiek Arabako hainbat herritan igaroko dute uda. Aurten, 8 eta 12 urte bitarteko 35 haur saharar iritsi dira. Abuztua amaitu arte egongo dira Araban. Gasteiz, Laudio, Amurrio, Langraiz Oka, Araia, Bastida, Durana, Ozaeta, Gometxa eta Berganzoko familiekin bizi dira, hain zuzen ere.
Hala, Jone Berriozabal Berdinatsuna, Euskara eta Gobernantza saileko foru diputatuak aste honetan ongietorria egin die Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetatik etorritako haur sahararrei, zeinek lurralde historikoko hainbat herritan igaroko baitute uda. Aldundiaren jauregian egin zaie harrera, eta bertan egon dira foru diputatuak, Ana Rosa López de Uralde Gasteizko Udaleko Kirolaren, Osasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren Saileko zinegotzia eta Mohamed Fadel Brahim Ahamed Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkaria, beste erakunde ordezkari batzuen artean.
Horrela, eta ildo horretatik jarraituz, Arabako Foru Aldundiatik jakinarazi zutenez atzo, harreran Oporrak bakean programako haurrak eta haien harrera familiak egon dira. "Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ari dira proiektu hori garatzen, Haur Sahararren Harrerarako Familien Elkartearekin lankidetzan. Xabier Galarzak ordezkatu du elkarte hori", azpimarratu zuten. Hala, Arabara iritsi diren adin txikiko haur horiek uda oso desberdina igaroko dute, Arabako familien babespean, datozen asteetan, abuztua amaitu arte, hain zuzen, familia-bero hori emango baitiete.