Ertzaintzak, Europako ENGAGE proiektuaren testuinguruan, ziberdelituei aurre egiteko mezuak sare sozialen bidez zabaltzeko 30 eguneko kanpaina hasiko du.
Hala, Ertzaintzaren sare sozialetako plataformek aste honetatik aurrera abiaraziko dute ziberkrimenari aurre egiteko kontzientziazio-kanpaina Europako ENGAGE proiektuaren baitan, Europar Batasunak finantzatuta dagoen eta euskal polizia partaide duen proiektuetako bat izanik. Helburua da herritarrak eta enpresak kontzientziatzea eta inplikatzea teknologia berrien bidez egiten diren delituen aurkako borrokan. "Zenbakiak gora egiten ari direnez, poliziak prebentzioaren arloan duen erronka nagusietako bat da", azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, aste honetatik hasita, eta datozen 30 egunetan, Ertzaintzak aholku eta mezu didaktikoak argitaratuko ditu bere sare sozialetan, teknologia berriak etengabe erabiltzearen ondorioz gure eguneroko jardunean jaso ditzakegun zibermehatxuei aurre egitean gizartea gehiago sentsibilizatzeko. Ekimena abian jarri duen Europako ENGAGE proiektuan beste hamalau bazkiderekin batera lan egiten du Ertzaintzak, horien artean Europako zortzi herrialdetako enpresak, erakundeak eta unibertsitateak daude, eta proiektuaren helburua da gizartea larrialdi-egoerak kudeatzen eta larrialdiei erantzuna ematen inplikatzea.
ENGAGE proiektuak gizartearen erantzuna areagotu nahi du eta hondamendi ezberdinei, horien artean, ziberkrimenari aurre egiteko herritarren aukerak hobetu nahi ditu. Gainera, helburua larrialdietako zerbitzuen eta herritarren arteko elkarreragina hobetzea denez, soluzio-katalogo bat garatu da.
Kanpaina hau katalogo-horretako soluzioetako batetik abiatuta diseinatu da, ziberdelituei aurre egiteko eta halako delitu baten biktima izanez gero nola jardun jakiteko herritarrak hobeto kontzientziatzeko eta prestatzeko helburuarekin. Modu horretan, babestu egin behar dela azpimarratuko da egunero zabalduko diren aholkuen bidez.
Ertzaintzaren komunikazio-kanpaina Tecnunekin, Nafarroako Ingeniaritza Eskolarekin, batera diseinatu da, eta eskola arduratuko da emaitzak aztertzeaz.
Kanpaina gaur hasiko da pasahitz seguruak mezuarekin, eta hilabetean zabalduko dira online jardunbide egokiei buruzko era askotako edukiak izango dituzten mezuak, gure gailuetako segurtasuna zaintzeko, delitugileak ez daitezen gure datuetara sartu phishing edo malware bidez, eta, aldi berean, gure pribatutasuna babesteko.