Vital Fundazioak eta Vitoria-Gasteizko Udalak ‘Plastikorik ez, edalontzi berrerabilgarriak’ kanpaina jarri dute martxan aurten ere, datozen jaiegunetan erabilera bakarreko plastikozko ontzien kontsumoa baztertzeko eta berrerabil daitekeen edalontziaren aldeko apustua egiteko. 2019an hasitako kanpaina berrabiarazi dute erakunde biek. Horretarako, 100.000 edalontzi berrerabilgarri zabalduko dituzte, uztailaren 24ko gauean eta 25ean, Blusaren eta Neskaren Egunean, eta Andre Maria Zuriaren jaietan erabiltzeko.

 Aurtengo kanpaina are onuragarriagoa izango da kanpoko barra izateko lizentzia duten ostalaritza-establezimenduetarako; izan ere, araudi berriak, lehenengo aldiz, ezartzen du erabilera bakarreko edalontziei beste aukera batzuk ezarri behar zaizkiela, eta derrigorrezkoa da edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea.

 Arantxa Ibañez de Opacua Vital Vital Fundazioko zuzendariak eta Borja Rodríguez Vitoria-Gasteizko Udaleko Hiri Eredua, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Saileko zinegotziak aurtengo ‘Plastikorik ez’ kanpaina aurkeztu dute. Kanpaina horren bidez, erabilera bakarreko plastikozko edalontzien ordez berrerabilgarriak erabiltzeko aukera emango zaie herritarrei.  

 Arantxa Ibañez de Opacuak azpimarratu duenez, “erabilera bakarreko plastikoek sortzen dituzten arazoen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta gure egunerokotasunerako alternatiba praktikoak emateko Vital Fundazioak egin duen apustuaren ildotik dator ekimen hori. Jaiegunetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea funtsezkoa da ingurumen-inpaktua murrizteko; izan ere, uste da edalontzi berrerabilgarri bakoitzak erabilera bakarreko 5 plastikozko edalontzi baino gehiago kontsumitzea saihesten duela. Horrek esan nahi du jaietan hondakin tonak sortzen dituzten plastikozko milaka edalontzi erabiltzea eta botatzea saihestu dezakegula.