Atzoko goizaldeko hiruak hogei gutxi aldera, Laudioko Udaltzaingoak jakin du dirudienez lapurretan ari zirela bertako etxebizitza batean. Dotazio bat berehala hurbildu da aipatutako etxebizitzara, eta Ertzaintzaren laguntza eskatu du.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jakinarazi zutenez, lekura iristean, "patruilek egiaztatu dute etxeko ateko sarraila behartuta zegoela, eta bi polizietako agenteak, beraz, kanpora irten dira ustezko susmagarria inguruan aurkitzen ote zuten ikustera", azpimarratu zuten. "Agenteek kaletik ikusi dute pertsona bat ustez lapurretan ari ziren etxeko leihotik irten nahian, eta susmagarriak, polizia ikustean, atzera egin du ihes egiteko asmoan eta etxebizitza barruan sartu da", gaineratu zuten Ertzaintzatik.

Jarraian, "suhiltzaileen laguntza eskatu dute etxeko atea zabaltzeko". 

Modu horretan, agenteek, barrura sartu direnean, pertsona bakarra aurkitu dute, hain zuzen ere, leihotik irteteko asmotan ikusi duten bera. Horregatik guztiagatik, ertzainek atxilotu egin dute indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman dute.

Atxilotua, 40 urteko gizon bat dena, badauka espediente poliziala nahikoa. Izan ere, "hamalau aldiz atxilotu dute aurretik Ertzaintzarekin duen historiaren arabera, kasurik gehienetan jabetzaren aurkako delituengatik. Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarri dute", ondorioztatu zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik.