Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak "Bizikletak. 150 urte" erakusketaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean. Aurtengo Tourraren Irteera Handia Euskal Herrian egingo dela eta antolatuta, Bizikletak. 150 urte erakusketak Amador Tolosa gipuzkoar bildumagilearen 80 bizikletako aukeraketa bat jartzen du ikusgai.
Erakusketa bost ataletan dago antolatuta, bizikletekin lotutako aspektu ezberdinei erreparatuz. Horrela banatzen da:
Ofizioak: lanbide ezberdinetan erabilitako bizikletak egongo dira, besteak beste postari edo suhiltzaileek erabilitakoak. Atal honetan 7 bizikleta daude, zaharrena 1914. urtekoa.
Historia eta bilakaera: hau da atalik zabalena, 26 bizikletekin. 1860an Espainian ekoiztutako bizikleta batetik hasi eta XXI. mendean Estatu Batuetan sortutako batera iritsi arte, hiru mende zeharkatzen dituen atal honetan Alemanian, Frantzian (hasiera-hasierako Michaux-k sortutako bizikleta), Holandan, Ingalaterran eta Italian sortutako piezak ere biltzen dira, marka ezberdinetakoak.
Kiroletakoak / Txapeldunak: 16 bizikleta biltzen ditu atal honek, horietako batzuk XX. mendeko lehen hamarkadako Tourretan erabilitakoak, eta tartean Ferrarrik 1980. urtean sortutakoa ere. Hauekin batera ikus daitezke Tourra irabazitako lau txirrindulariren bizikletak ere: Txomin Perurena, David Etxebarria, Samuel Sánchez eta Fernando Escartín, beste batzuekin batera.
Euskal Herrian sortutakoak: 16 bizikleta, guztiak XX. mendekoak -20ko hamarkadatik 90eko hamarkadara-, Euskal Herrian bizikletaren inguruan garatutako industriari esker: BH, GAC, Orbea, Razesa.
Haur eta gazteentzako bizikletak: haurrentzako eta gazteentzako bereziki egindako 15 bizikleta, zaharrena XIX. mende bukaerakoa -egurrezko belozipedoa-, eta berrienak XXI. mende hasierakoak, besteak beste Chopper modukoa.
Amador Tolosa (Pasai San Pedro, 1940) oso gaztetatik da bizikletazalea. 17 urterekin afizionatuen kategorian lehiatzen hasi zen Perico Matxainek Errenterian sortu zuen talde batekin, eta kirolari gisa dirutza handirik izan ez bazuen ere, kirol honekiko eta, batez ere, bizikletekiko grina mantendu zuen. Garai hartakoa izan zen txirrindulari ospetsuekin harremana: Matxain, Urkizar, Agirretxe, Lasa, Otaño...
"60ko hamarkadan, bizikleta zaharrak erosten hasi zen Frantziara egiten zituen bidaietan, eta horietako asko dira bere egungo bildumaren pieza nagusiak, eta bere kuttunenak: belozipedoak, trizikloak... XIX. mendekoak eta XX. mendeko lehen hamarkadan Frantziako Tourraren lehen edizioetan parte hartu zuten bizikletak", azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak. "Horiek guztiak oso kontserbazio egoera onean daude. Geroago etorriko ziren Marotías, Txomin Perurena, Fernando Escartín edo Samuel Sánchez bezalako txirrindulari ospetsuen bizikleta berriak. Gaur egun 100 bizikleta baino gehiagok osatzen dute bere bilduma, horietatik zaharrena 1860koa, erakusketan ikus daitekeena. Bizikletez gain, antzinako autoen eta motorren zaletu amorratua ere bada, eta kartel bilduma aipagarria ere badu", ondorioztatu du.