Ireki da aurten Arabako Lurralde Historikoan gizarte zerbitzuen jarduerekin lotutako prestakuntza ekintzak antolatzen dituzten irabazteko xederik gabeko elkarte, fundazio eta erakunde pribatuentzako laguntzen deialdi publikoan izena emateko epea.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, alegia, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, 40.000 euro zuzendu ditu aurten laguntza horietara, gizarte zerbitzuekin lotutako ikastaroak, jardunaldiak, kongresuak eta mintegiak antolatzeko.
"Deialdiaren xedea da baliabidez hornitzea gizarte zerbitzuen alorrean lan egiten duten erakundeak, zehazki, prestakuntza ekintzak antolatzen dituztenak beren jomugako kolektiboen errealitateari buruz eraginpeko pertsonak, senideak, profesionalak eta, oro har, gizartea sentsibilizatzearren eta informatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko dauden gizarte eta irisgarritasun neurriak ezagutaraztearren", azaldu du Arabako Foru Aldundiak gaur.
Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (Alhao) argitaratu dira gaur deialdiaren oinarriak. "Gizarte erakundeek hilabete bateko epea dute eskaerak aurkezteko", ondorioztatu dutenez.