Euskadin, tuberkulosiaren intzidentzia murriztu egin da azken hiru urteetan, 2019an 100.000 biztanleko 11,24 izatetik 2021ean 100.000 biztanleko 8,34 izatera, eta, beraz, Euskadi OMEk intzidentzia txikiko herrialdeetarako ezartzen duen atalasearen azpitik dago.

Zehazki, Euskadin 246 tuberkulosi-kasu jakinarazi ziren 2019an; 238, 2020an; eta 183, 2021ean. Azken hori 2010etik 2021era bitarteko gutxieneko kopurua da. Intzidentzia-tasa, gizonetan emakumeetan baino handiagoa, % 6 jaitsi da urtean lehenengoen kasuan, eta % 7, berriz, bigarrenen kasuan. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako txosten batek. Txosten horren datuen berri eman du Eusko Jaurlaritzak, bihar ospatuko den Tuberkulosiaren Munduko Eguna dela eta.

Tuberkulosia bakterio-jatorriko patologia infekziosoa da, eta birikei eragiten die gehienbat, eta airez transmititzen da, nahiz eta infektatutako pertsonen % 10ek soilik garatzen duen gaixotasuna. Gaixotasun arrunta da, oso tratamendu eraginkorra du, eta, normalean, inolako ondoriorik gabe sendatzen da, Osakidetzatik azaldu dutenez.

Osasunaren arabera, azken hiru urteetan tratamendua behar bezala amaitu zuten kasuen ehunekoa % 85etik gorakoa izan zen. Osasun Sailak gomendatzen du, beste sintoma batzuen artean, hiru astetik gorako eboluzioa duen edozein eztul-koadroren aurrean, sukar-izerdia edo gaueko izerdia izanez gero, osasun-zentroetara joatea.

Izan ere, Euskadin Tuberkulosia Kontrolatzeko Programa bat aplikatzen da kasuak garaiz detektatzeko eta behar bezala tratatzeko, eta arreta berezia jartzen da arrisku-faktoreetan: tabakismoa, diabetesa eta immunosupresioa. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak intzidentziaren beherakada baloratu du.