GASTEIZ. Martxa Arka plazatik irtengo da, 11:00etan, eta sei kilometroko ibilbidea izango du. Parte hartzaileak Armentiako landetaraino joango dira eta handik abiapuntura itzuliko dira. Ibilaldia ez da lehiazkoa, eta irekita dago Araban AECC elkarteari lagundu nahi dioten pertsona guztientzat.
Biltzen den diru guztia elkartearen programak eta jarduerak finantzatzeko izango da, besteak beste, gaixoentzako eta familientzako babes integrala, prebentzioa, detekzio goiztiarra eta gaixotasunaren ikerkuntza.
Halaber, Plaza Berrian (Espainia plazan), 13:30etik aurrera, pintxopote solidarioak eta zumba saioak izango dira parte hartu nahi duen ororentzat.
Proban parte hartzeko izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da irekita www.ticketsport.es webgunean eta Gasteizko El Corte Inglés guneko kirol dendan. Merkataritza gunean urriaren 1ean, 2an eta 3an ere inskribatu daiteke. Parte hartzaile guztiek kamiseta oroigarri bana jasoko dute.