Ttek elektrotxaranga proiektuak hamar urtez darama euskal herriko kaleak musikaz alaitzen. 2012an lagun talde bat elkartu eta entsaiatzen hasi ziren “gure intentzio bakarra musikaz disfrutatzea zelarik”. Lehenengo kontzertua Adurtzako jaietan eman zuten eta horren ostean, taldearen jotzeko aukerak asko zabaldu ziren. “Egun atzera begiratuz, gezurra ematen du zenbat kontzertu eta esperientzia bizitzeko aukera izan ditugun; zenbat herri ezagutu, lagunak egin eta jai ezberdinez gozatu. Gure set lista urteetan zehar asko aldatu den arren, abestien bertsioak egin ohi izan ditugu, haien arteko loturak eginez mix-ak sortuta edo abestiei letra aldatuz. Gure emanaldietan Euskal Herriko abesti mitiko eta gaur egungo abesti berrien arteko nahasketak egiten saiatzen gara, genero ezberdin askoren arteko nahasketak lortuz”.

DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariko elkarrizketa honetan, Mario Carrilek Araba Euskaraz abestiaren xehetasunak azaldu ditu. Onartzen duenez, bere musika taldeko kide kopuru handia dela eta (guztira bederatzi dira), erronka desberdinei egin behar izan diete aurre abesti hau lantzerakoan. Azkenik, talde horrek azpitalde txikiagoa egitea erabaki zuen, erabakiak hartzea errazagoa izan zedin, zailtasun handirik gabe. Era berean, talde horretako kideak aitortu du asko gozatu dutela abesti hau egiten eta sortzen, eta harro agertu da talde horrek Araba Euskaraz jaian eta prestaketetan egindako musika hau entzuteaz. Pozik daude egindako lanarekin. “Indarra batzen goazela, ez dugula amore eman eta denon adorea transmititu nahi izan dugu”. 

Nola sortu zitzaizun abesti hau egiteko ideia garatzeko?

Taldekideen artean geroz eta gogo gehiago zegoen gure abesti propioak ateratzeko eta gure kontzertuei buelta bat emateko, baina ez genuen momentua topatzen horrek suposatzen duen lan karga hartzeko eta aurrera eramateko. Duela urtebete Araba euskaraz-en proposamena heldu zitzaigun; haien aurtengo kanta sortzeko. Gure artean hitzegin eta gero, proiektuari baiezkoa ematea erabaki genuen. Araba Euskaraz-en entzuleen target-a kontuan hartuta taldeak erabaki zuen abestia ezin zela gure estilo musikal entzunenetan oinarritu, asmoa, gure amaierako lana benetan heldu behar den jendeari heltzea baitzen. Araba Euskarazen izaera alde batera utzi gabe, kantari buelta bat ematea izan da gure intentzioa. Gure abesti propioa egingo bagenu, seguraski beste estilo edo izaera bat hartuko zuen, baina kasu honetan araba euskarazen xedea hartuta eginiko kanta bat daukagu. Kanta honen estiloa definitu beharko bagenuke funk eta pop estiloen arteko nahasketa bat dela esango genuke.

Zer izan da zailena?

Gure taldea bederatzi pertsonaz osatuta dago. Hori dela eta, abestia sortzeko momentuan erabakiak errazago hartzeko intentzioarekin talde txikiago bat sortu genuen. Hala ere, denon iritziak eta ekarpenak kontuan hartu izan dira beti. Gure entsaio lokalean eta etxeetan bildu izan gara gure hasierako ideiari forma eman eta beharrezkoak ziren aldaketa guztiak emateko. Aurkezpen data bat finkatuta izatea izan da zailena. Izan ere egunak aurrera joan ala, gure presioa handitzen zihoan eta horrek batzuetan gure arteko desadostasunetara eraman gaitu. Baina orokorrean oso polita izan da proiektu honen parte izatea, gure abesti propioak sortzeko gai garela ikustea eta grabaketa estudio (Elkar estudioak) zein bideoklip grabaketako (Dronetikan Air Works) esperientziaz disfrutatzea.

Abesti honekin zer da helarazi nahi izan duzuena?

Abestiaren hasieran aipatzen ditugu aguraineko azokaren urteak, izan ere arabako azokarik zaharrena da 600 urterekin. Honekin begirada atzera bota nahi izan dugu eta gogorarazi zer nolako garrantzia zeukan aintzinean azokak. Herriaren elkargunea zen, herritarrak bildu eta elkartrukean ibiltzen ziren tokia. Aguraingo plazan Euskara entzuten zen garai haietan. Aurrerago frankismo garaian gure hizkuntzak izandako errepresioa metafora baten bitartez adierazi nahi izan dugu “ipar haize gogorra, zerutik dator txingorra, hautsi nahian enborra…” Eta garai horretan zer nolako garrantzia izan zuten ikastolek, euskararen babeslekua izan baitziren “geroari begira gotorleku izan da ikastola”. Eta azkeneko estrofarekin adierazi dugu euskara dela euskaldunoi batzen gaituena eta berezi egiten gaituena. Historikoki arabarrok gutxietsiak sentitu izan garela “barne arrakalak” baina indarra batzen goazela, ez dugula amore eman eta denon adorea transmititu nahi izan dugu.