HALLEY kometa epe laburreko kometa ezagunena da eta Lurretik begi hutsez ikus daitekeen bakarra. 75 bat urtean behin izaten den gertaera da honako hau. 1986an pasa zen Lurretik, ikusteko modura, azken aldiz, eta 2061. urtean bisitatuko du Lurra berriro. Bizitza batean bi aldiz gerta daitekeen itoa bada ere, badago belaunaldi oso bat bizitzan behin ikusteko aukera izango duena, bat eta bakarra, hurrengo igaroaldian. Gertatukoak gerta, kanpoan behar dute kometa pasa-tzen ikusteko Halley kometa beraren izena hartzen duen obran taulagainean dauden gazteek. 

Martxel Rodriguezek eta Jon Lopezek zuzendu eta gidatu dute obra. Led Silhouette dantza konpainiaren Halley lan berria da. Oholtza gainean zortzi dantzari daude. Zor-tzi gorputz gazte. Egungo gizarteari eta belaunaldi konkretu bati alegoria egiten dion pieza da bikote dan-tzariak sortu duena. Arte efimeroena da dantza. Momentuan gertatzen da, unean bertan, eta badoa. Denborarekin eta itoekin lotura zuzena du. Hau horrela, bizitzan behin izaten diren gertaera horiek bilatu dituzte Lopezek eta Rodriguezek. “Bizitzan behineko gertaera horiek ziklo baten itxiera suposatu dezakete, etapa bat itxi edo berri bat hastea”. 2061. urtean Halley kometa pasatzen ikustea da horren adibidea.

Aurretik egina zuten lanarekin ezberdintzeko beharra sentitzen zuten, batez ere formatu aldetik. Bikoteko lana zen aurrekoa eta oraingo honetan zortzi dantzari daude oholtza gainean. Gaiari dagokionez, aldiz, badauka zerikusia. Azken lanean bikote baten bizitza plantea-tzen zen, denbora pasatzen zen heinean beraien harremanak dituen fase ezberdinak irudikatuz. Azken lan honetan, ideia hori taldera bideratzen dutela kontatu du Rodriguezek: “Denbora baten baitan kokatzen da, denboraren eta zain egotearen buelta. Nik fisika ikasi nuen eta beti presente dagoen gaia da, baina hortaz gain, zortzi gorputz eszenatoki batean denborari buruz gure belaunaldiaren erronkak planteatzen ari-tzeak zentzua zuela iruditu zaigu”.

Gaztetasuna nabarmen-tzen da oholtza gainean. Gorputzetan, dantzetan eta gorputz hauek kokatzen diren espazio eta denboran. Bizitzan planteatzen diren ametsak, borrokak, nekeak, frustrazioak eta erronkak belaunaldi ezberdinek konpartitutakoak direla azaldu du dantzari nafarrak: “Auni-tzetan gauzak kuestionatzen ditugula pentsatzen dugu edo alda ditzakegula. Baina Halley pasatzen ikusi zutenei edo gu baino gazteagoak direnei galdetuta, konturatzen zara denok gaudela beti galdera berberak erantzun nahi eta ezinean, eta ideia hau da piezan islatzen saiatu garena modu bisual eta koreografiko batean”. Zalantza eta bilaketa, galderak egin eta erantzunak bilatzeko nahi eta beharra da Halley.

Denboraren oholtzan Zientzia fikziozko pelikula baten tankera hartzen du obrak. Dantzariek uniformea daramate eta ez dakizu preso dauden, espazio-on-tzi batean, scaperoom batean edo laborategi batean. Denbora berean bizi diren pertsonak irudikatzea izan dute helburu, estetika hauek erabiliz. 

Piezaren lehen bi herenetan, gorpu-tzak gela batean entzerratuta daude eta pertsonaiek beharrezkoa dute beraien artean ulertaraztea eta antolatzen hastea. Pertsona bat aukeratu behar dute bidea irekitzeko, eta behin aukeratu eta ateratakoan konturatzen dira berriro gela berean daudela. “Hau da oholtzan ageri den asteroideak eragiten duena”, kontatu du Rodriguezek. 

Bi pareten artean gertatzen da itxialdia, eta bi horma horiek denbora irudikatu nahi dute. Batak 1986.urtea eta besteak 2061.urtea. Denbora tarte horretan bizitzea tokatu zaie dan-tzariei, irudikatzen duten gizarteari, belaunaldi oso bati. Momentu batean pareta irekitzen da eta konturatzen dira, hurrengo gelara igarotakoan, aurrekoan bizi duten gauza berbera gertatu dela edo gertatuko dela. 

Eszenografian nolabait denborak irudikatzea erronka handia izan dela kontatu du lesakarrak, baina pozik daude egindakoarekin eta jendeak jasotzen duen horrekin. “Ikuslea harritu egiten da zortzi gorputzak daudelako eszenan. Lehen berrogei minutuetan ez dira gela txikitik ateratzen eta apustua hori zen: zortzi gorputzak espazio itxi batean denbora luzez mantentzea. Behin pertsonaiaren hautaketa egin eta atea irekitakoan hor hasten da korrikaldia edo mugimendu dinamikoagoen pasartea, barrenetik kanpora”, azaldu du Rodriguezek. 

Tonu dinamikoa hartzen du obrak, erritmo bizia zuzendariaren hitzetan: “Martxa dauka eta une batzuetan itogarria ere izan daiteke. Baina badauka oldarraldi unea ere. Zen-tzu batean pieza izugarria dela esango nuke. Gainetik zerbait pasatuko balitzaizu bezala uzten zaitu”.  

Zortzi gorputz mugimenduan Dantzaria da Martxel Rodriguez, baina oraingo honetan taula gainean beharrean, atzeko lana egin du, zuzendariarena, hain justu. Erronka handia izan dela aitortu du, baina formatuan, lan moduetan asmatu dutela dio. Lan sutsuko asteak programatu dituzte: hau da, bi asteko lan blokeak egin eta ondoren atsedena hartu. Egindako lanen grabaketak ikusi, denbora eman, arnasa hartu eta hausnartu. Hasieratik zuten lanaren hezurdura buruan. “Hasieran inprobisatzen joan gara eta gero finkatzen, hor asmatu dugulakoan nago. Egunaren arabera, nekearen arabera, beste gorputzekin duzun harremanaren arabera pixka bat moldatzeko eta pieza berezia egiteko aukera izan dugu”. 

Zortzi gorputz daude mugimenduan eta denak dira kolektibo bat. Ez dago rolik, ez dago pertsonaia bat besteak baino gogo handiagoa duena itxialdi horretatik ateratzeko. Denak daude egoera berean. Gorputzetako bat atea irekitzeko hautatua da eta une horretan protagonismo berezia hartzen du. Dantzari bakoitzak du bere unea, baina piezaren alde indartsua masa eta kolektibotasuna direla gogoratu du Rodriguezek. Hala eta guzti, dantzari bakoitzaren izaera ezberdina denez, ñabardurak daudela azaldu du, bakoitzaren izaerari garrantzia eta espazioa eman nahi izan baitiote. 

Orain arte egin duten ekoizpen handiena da Halley. “Zalantza asko genituen aterako zen edo ez. Baina egia da hasieratik babes handia eduki dugula. Estreinatzerako, zortzi emanaldi itxita izatea lortu dugu eta horrek indarra ematen du. Dantzan ez da hori pasatzen. Normalean lehen emanaldia egin, bideoa lortu eta hortik aurrera hasten zara lana mugitzeko saiakeretan. Azken finean, hogei pertsonako talde bat egun baterako baino gehiagotarako mobilizatzen dugula jakiteak gogoa eta indarra ematen digu”. Proiektu hau bira batekin jaio da eta berau denboran haztea espero dute.  

Bide ederra oholtzaraino 2023ko otsailean hasi ziren lanketarekin eta prozesua era positiboan baloratzen du dantzari lesakarrak. Jon Lopezekin batera zuzendu du lana: “Ondo moldatu gara bion artean. Dena elkarbanatzen dugu, beraz, badaude momentu kritikoak, baina krisi kreatibo horretatik atera gara eta indartsu, gainera”. Iruñean Gayarren estreinatu eta hurrengo egunean esnatu berritan, bien artean komentatu zuten bakoi-tzaren lana nabari dela; alegia, zuzendari bakoitzak zer eman duen: “Bat gehi bat, bi baino gehiago dela”. Prozesu polita bezala definitzen du dantzariak, asko ikasi dutela eta beste ikuspegi bat ireki diola egindako lanak: “Gure burua horrelako proiektu bat aurrera eramaten ikusteak hauspotu egin gaitu etorkizunera begiratzeko”. 

Hurbilen dituzten dantzariekin sortu dute lana. “Tratu pertsonal ona dutenekin eta elkar elikatzen direnekin”, dio Rodriguezek. Zortziak dantza garaikidearekin lotuta daude, nahiz eta formazio ezberdinak izan dituzten: badaude balletetik datozenak, dantza urbano eta kalekoa praktikatzen dutenak eta txikitatik garaikidean hasiak direnak. Egun, baina, guztiak dantza garaikidean mugitzen dira. 

Emanaldiak Lehen aurrestreinaldia Lesakan, etxean, egin zuten, eta ondoren, Iruñean. Bigarren honetan dantza sektoreko jende askoren aurrean. Bilbon, Alhondigan, eta Valentzian zalantzak zituzten ea zer nolako publikoa gerturatuko zen: “Erantzuna positiboa izan da. Kritika oso onak jaso ditugu, gainera, pertsona oso ezberdinetatik”. Tartean, Platonen kobazuloaren alegoriarekin alderatu dute hainbat kritikek. Sisiforen mitoarekin parekotasuna ere aurkitu diote beste batzuek; betiereko akatsak edo asmatzeak errepikatzearekin.

Lehengoa egin ostean, hobetzekoak ikusi dituztela azaldu du Rodriguezek: “Ez dira aldaketa substantzialak, ez dugu bloke oso bat hartu eta piezari buelta ematerik nahi. Baina eszena batean, agian, keinu bat pixka bat lehenago egingo dugu, edo, adibidez, kamera bat ikusten da obran, eta berarekin sortzen den harremana aldatuko dugu... Horrelako kontuak”.

Ekainaren 19an dute hurrengo emanaldia, Madrilen. Abuztuan Oliten izango dira, eta urrian Donostian eta Gasteizen. Ipar Euskal Herrian ere espero dute ikuskizuna taularatzea. “Kontentu gaude eta espero dugu emanaldia are gehiago zabaltzea”.