Lautada ikastolako zuzendaria den Salomé Martinez de Ilarduyak edizioaren xehetasunak azaldu ditu elkarrizketa honetan .

Nola izan da edizio hau antolatzea?

Hainbat ekitaldi antolatu dira beti euskara, euskal kultura eta ikastolen balioak ardatz izanda. Azaroan, Aguraingo aurkezpen ekitaldiarekin hasi ginen eta jarraian ekintza desberdinak antolatu ditugu: Goazen! kontzertua Gasteizen. Gabonak eta gero beste hainbat jarduera prest genituen; otsailean Euskal Pilota Topaketak egin ziren herrian bertan. Martxoan Euskaraz Open Series zesta punta jaialdia antolatu genuen Gasteizen. Aipatutako ekintza hauen helburua kiroletan euskararen garrantzia azpimarratzea eta erabilera bultzatzea izan zen. Kanta Gasteizko TTEK elektrotxarangak sortu zuen eta hitzaren egilea ikastolako irakasle bat izan zen, Malen Urbegain. .Apirilaren 1ean Agurainen grabatu zen bideoklipa eta komunitate osoa gonbidatu zen parte hartzeko. Kantaren aurkezpena Gasteizen egin zen, hiriko erdialdean euskararen aldeko mezua zabalduz. Apirilaren 23an Arabako 3 herri desberdinetan (Amurrion, Agurainen eta Oionen) Elkar-Ekin Martxan! ibilbideak antolatu genituen. Maiatzaren7an Araba Euskaraz-ek Herriari, Elkar-Ekin Dantzan! egin genuen. Ikastolen sarea baliatuz, Euskal Herri guztiko dantza taldeak ekarri genituen Agurainera, tradiziozko dantzak eta gaur egungoak nahastu genituen eta herriko eta ikastolako kultur aniztasunaren erakusgarri Dominikar Errepublikako, Saharako eta Rwuandako dantzak programatu genituen. Eta ekainaren 11 aurretik egindako azken ekintza Aguraingo Harresi aretoan izan zen: maiatzaren 26an Kantu bat gara ikuskizunaz gozatzeko aukera izan genuen, Jon Maiak Araban eskaini duen ikuskizun bakarra, hain zuzen ere. Beraz, urtean zehar lanez lepo ibili gara guraso eta irakasleak. Azpimarratzeko garrantzitsua iruditzen zait ekintza desberdinak izan direnez, bertaratu den jendea ezberdina ere izan dela.

Zer izan da zailena?

Gure eguneroko jardueran, proiektu pedagogikoan lanean jarraitu dugu eta, aldi berean, ekintza desberdinak prestatzen inplikatu gara. Momentu batzuetan lan kargak mugatu egin gaitu, hori errealitatea ere bada. Guztion arteko koordinazioa ezinbestekoa izan da . Dena den aberasgarria, polita izan dela esan dezaket. Momentu eta egun ederrak uzten

dizkigu. Araba Euskaraz gure ikastolaren alde izatea luxu bat da, beraz, egindako lanak merezi izan du balioetan sakontzeko aukera ematen dutenak.

Zertan erabiliko da bildutako dirua?

Bi helburu nagusi ditugu, alde batetik gure hezkuntza proiektuari bultzada eman nahi diogu eta bestetik eta kontuan izanda Lautada ikastolako eraikinak urte asko dituela, metodologia berriak behar bezala gauzatu ahal izateko, espazioen aldaketa , moldaketa egin behar dela ,obrak egin behar direla eta horretarako argi dago funtsak behar ditugula.

Zer berrikuntza ekarriko ditu edizio berri honek?

Iaz hasitako bidea finkatzera dator aurtengo edizioa. Herri Urratsek urtero bere festa Senperen ospatzen duen bezalaxe, Araba EUskaraz-ek ere berdina egingo du Olarizun. Zortzi ikastolen arteko elkarlanak fruituak eman ditzakeela ikusi genuen eta, esan bezala, iazko dinamika finkatzea izango da aurtengo helburua. 

‘Ekin’ da aurtengo lema. Zer helarazi nahi duzue horrekin?

Ekin logotiko eta leloak ekintzari, ekiteari, ekiteari eta ekiteari egiten dio erreferentzia. Ikastola guztiok ekitaldi hau antolatzeko eta ikastolen proiektuak ateratzeko eta ikusarazteko egiten dugun ahaleginaren isla da. Ekinaren ekinez goazelako aurrera, ekin eta ekin. Ekin eta ekin, elkarrekin, guztiok batera goazelako. Aditza bezala, deklinabide atzizki gisa ere erabiliko dugu Ekin.

Gaur Araba Euskarazen azken eguna ospatuko da. 

Euskara, euskal kultura eta ikastolen balioen inguruan ardazturiko hainbat ekintza egin ditugu urte osoan zehar. Bai Agurainen, bai Gasteizen, baita Arabako beste herrietan ere. Uste dut herrian bereziki aho zapore ona utzi dutela Harresin egindako Kantu bat gara ikuskizunak eta Elkar -EKIN dantzan! egunak.

Zure ustez, zein da euskararen egoera gaur egun?

Ikastolatik begiratuta, hezkuntzako eragile gehienen artean adostasuna dago: eskolak bakarrik ezin du. Hainbat gako aipa genitzake, helburu gisa: ume eta nerabeen aisialdia euskaraz izan dadin urratsak eman beharko genituzke, “Pantailetan Euskaraz” ekimenak aldarrikatzen dituen helburuetan aurreratu beharko genuke. Bestetik, oso kezkagarriak dira epaitegietatik iristen ari diren euskararen kontrako epaiak… Agurainen eta Arabako Lautadan azken urteetan egin den aurrerapena itzela dela esango nuke, eta horri bultzada eta jarraikortasuna eman behar dizkiogu.

Eta zehatzako, Agurainen?

Azken urteotan euskararen erabilera herri mailan asko handitu dela esango nuke. Esan dudan bezala Agurainen egindako aurrerapena itzela izan da. Agurainen eta Lautada osoan martxan dago euskalduntze prozesua eta guk ere ahalik eta ekarpen handiena egitea dugu helburu, euskararen erabilera herrian zabaldu nahi dugu.

Zein da ospakizun honen helburu nagusia?

Iaz zortzi ikastolen artean antolatu genuen eta honetan ere horrela funtzionatu dugu. Ikastola guztion artean egiten ari garen auzolanari esker, ikastolen proiektuak bultzatu eta ezagutarazi nahi ditugu.Baina, aldi berean, euskal kultura eta euskarari eszenatoki bat eskaini nahi dizkiegu, euskara festa giroan, esparru informalean zabalduz, ume, nerabe eta helduei. Araba Euskaraz-en bozgorailua, ondo entzuteko, Araban ere behar dugulako Araba Euskaraz-en topagunea.