Artearen eta arkitekturaren arteko ezlekuan kokatzen du bere burua Leyre Arraiza (Izaba, 1997) artistak, bietan eta inon ez aldi berean. Arkitektura ikasketak egin zituen lehenago, eta Arte Ederrak ondoren. Gaur gaurkoz artea du lan esparru, baina arkitekturatik eratorritako ezagutza ezartzen du bere lanetan. Batez ere, eskultura du gustuko sorkuntza eremuan, eta bere lehen bakarkako erakusketa aurkeztu du Gasteizko Montehermoso kulturgunean. xOxO, zu toles, ni bihur erakusketako piezak sortzeko bizikleta gurpilen barneko aire kamerak baliatu ditu. Materiala bihurritu, txirikordatu eta tenkatu egin du artistak ezohiko eta espero gabeko forma, egitura eta planteamenduak lortu arte. 

Nola sortu zitzaizun erakusketa garatzeko aukera?

-Aurretik beste gauza bat egiteko erosi nituen aire kamerak. Pilo bat erosi nituen, zutabe bat bezala egin nahi nuelako, baina aire-kamerak oso puztuta egotea nahi nuen. Hainbeste gauza nahi nituen, hain asaldatuta nengoen, non ez nintzen gai izan materiala entzuteko. Txarto atera zitzaidan proiektu hura eta baztertu egin nuen ideia. Halere, kaxa nire estudioan neukan eta beti ikusten nuen. 2023ko udaberrian lehenbizikoz bihurritu nuen materiala eta egin nuen lehen pieza: txirikorda. Gainera, pentsatu nuen: bizikleta batek pertsona baten pisua jasan badezake, materialak kilo batzuk jasan ahalko ditu. Pieza tentsioan jartzea pentsatu nuen, eta nire estudioan sabaitik zintzilikatu nituen piezak, zementuarekin nahastu nituen eta hor hasi ziren piezak forma gehiago har-tzen. Txirikorda hori izan zen lehen pieza, beste batekin batera. Are gehiago, lehen txirikorda hori lehertu egin zitzaidan, erakusketan ikusgai dagoena ez da lehenengo hura. Esperimentatzea gustatzen zait. 

Espazioak garrantzia handia du zure lanean, zergatik uste duzu dela hain garrantzitsua lana espaziora moldatzea?

-Tokietara iristen naizenean espazioaren arkitekturari edo espazioari berari erreparatzea gustatzen zait, hortik aurrera eraikitzen dut nire lana. Espazioa lehen aldiz bisitatu nuenean, aretoak berez dituen lau zutabeak ikusi nituen lehen kolpean. Pentsatu nuen lehen txirikorda hark beste ‘ahizpa’ batzuk behar zituela. Uste dut betidanik datorkidala arkitekturarekiko lilura. Arte ederrak egin aurretik, barne-arkitektura ikasi nuen Iruñean. Arkitektura DNAn daramat. Batez ere, asko gustatzen zaizkit lanak. Errepide, eraikin edo zubi bihur daitekeen lur multzoa, garabiak, aldamioak, zementua, zarata, langileak… Mundu horrek liluratzen nau. Gero, artea ikasi nuen eta eskultura egiten gozatzen dut gehien. Hasieran ez nekien oso ondo zer zen, inoiz ez nuelako egin. Hirugarren mailan konturatu nintzen eskulturak mugitzen ninduela. 

Zerk eragiten dizu eskulturak eraikitzea?

-Agian, aurrez materialen inguruan dudan ezagutza aplikatzea izan daiteke arrazoietako bat. Baditut artera eraman ditzakedan ezagutza ba-tzuk. 

Arkitektura eta arte garaikidea mundu kontrajarritzat hartzen dira?

-Esango nuke hala dirudiela, bai. Arkitektura mundu zorrotzagoa da, zurrunagoa. Gorbatazko mundu bat da. Artean akatsak badu lekurik; arkitekturan, berriz, ez. Artea askoz irekiagoa da eta aukera gehiago ematen dizkizu. Halere, bi munduak ulertzen ditut eta bien artean nagoela uste dut. 

Baduzu material kuttunik?

-Gehien gustatzen zaidana zementua da.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

-Gogoratzen naiz noiz bihurritu nuen lehen aldiz, txirikorda egin nuenean. Ni nire estudiora joan nintzen egun batean, eta urduri jartzen naizenean yoga egiten dut. Eguzkiari Agurra izeneko mugimendua egiten dut askotan, erlaxatzen nau. Mugimendua egin nuen eta pentsatu nuen: Leyre, zuk zure burua tolestu badezakezu, zergatik ezingo duzu materiala bihurritu? Bizikleta-kamerak jolasteko aukera ematen zidala ohartu nintzen, eta materialarekin jolastea erabaki nuen. Egun horretan trentza egin nuen, Eguzkiari Agurra egin ondoren. 

Bihar arte bisita ahal daiteke erakusketa Gasteizko Montehermoso kulturgunea Pilar Barco

Behin lehen pieza sortuta, nola heldu dira gainerakoak?

-Saiatu eta erratuta. Saiakerak egiten ditut, behin eta berriz, akatsa egin eta bertatik lantzeko materiala. Materialari entzun eta bere muga bila-tzea; ertzean ibiltzea gustatzen zait eta materiala muturreraino eramatea. 

Eta zer aurkitu duzu bilaketa honetan?

-Ikusi dut eusteko gai dela, ikusi dut bihurritu daitekeela, ikusi dut besarkatzeko gai dela. Aurkitu ditut maitasuna, gozamena, dibertsioa eta plazerra. Ohartu naiz ze gutxirekin zenbat egin daitekeen. Airearekin sortu dut. Eskuetatik ihes egin zidan lehen saiakera horretan bizitako etsipenaren ondoren, zerbait txikiagotik hasi behar nuela pentsatu nuen. Askotan hobe da distantzia hartzea eta denbora bat pasata heltzea berriz gauzei. Kasu honetan horrela izan da. Nik beti izan dut bizikleta kameren kutxa begi-bistan. 

Kasu honetan, gustatuko litzaizuke beste leku batean erakusketa egitea eta zer itxura hartzen duen ikustea? 

-Bai. Nire herrira eraman nahi nuke, Izabara. Uste dut Izaban desberdin egingo nukeela. Uste dut pieza berberak egongo liratekeela, baina oso desberdina izango litzatekela. Uste dut herriak aukera ematen didala, adibidez, piezak kalean jartzeko.

Materia, gorputza eta espazioa dira zure lana zeharkatzen duten kontzeptuak. 

-Bai, nire praktika guztia. Niretzat gorputz-eskala funtsezkoa da. Gorputzaren tamaina, nire tamaina da sortzeko nire erreferentzia. Gehiago egiten saiatzen banaiz, ez dut emaitzarik lor-tzen. Niretzat eskulturak lotura handia du gorputzarekin.

 Imajinatu duzu erakusketan zein ibilbide egingo duten bisitariek?

-Bai, argi izan dut ez nuela lehen begiratuan pieza guztiak ikusterik nahi. Aretoan sartu eta espazioan biratu eta dantzatu beharko du bisitariak. Bisitaria mugitu egin beharko da bertan dagoena bilatzeko.

Zein izan da erronka nagusia erakusketa honetan?

-Inaugurazio egunera heltzea. Adrenalina askoko astea izan zen. Ostirala iritsi zen, eta erabateko saria izan zen, eta gero dena amaitu zen. Aste osoa igaro nuen oso asaldatuta, eta ostiralean ezin nuen gehiago. Estimulu guztiak ondo kudeatzea eta dosifikatzen jakitea izan da nire erronka nagusia.

Erakusketa hau zure ibilbide profesionalean inflexio puntu bat izan daiteke?

-Bai, nire lehenengo bakarkako erakusketa da. Beldur nintzen hasieran. Aurretik egin ditudan erakusketak kolektiboak izan dira, eta ni heldu ezean, banekien beti egongo zela norbait ni eusteko edo laguntzeko. Kasu honetan, nik eutsi behar izan dut nire burua, bakarrik nago. Hasieran panikoa sentitzen nuen. Orain, atzera begiratu eta ikusten dut gai naizela. Egin egin dut. Askotan gertatzen da, ez? Egin aurretik irudi-tzen zaizu ezinezkoa dela, ez duzula lortu. Gero, behin eginda, izugarrizko lasaitua hartu dut. Inflexio-puntu bat izan da, agian, artista izan naitekela ohartzeko. Artista izatea Dakar rally bat bezalakoa da. Asko gustatzen zaizkit Dakar rallyak. Erakusketa hau da nire Dakar Rallya. Ezinezkoa zirudien, eta lortu dut. Artea, nire ustez, etapaz etapa bazaude eta tematzen bazara, irten egiten da. Nik bakarrik egin ditzaket gauzak. Batzuetan asko zigortzen dugu gure burua, gogorregiak gara eta iruzurgilearen sindromea sentitzen dugu. Gure burua zigortzeari utzi behar diogu eta balioan jarri egiten duguna. Erakusketa honek nire burua balioan jar-tzen lagundu dit.