Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak astearte honetan onartu du indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alaba umezurtzentzako laguntza ekonomikoa arautzen duen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea garatzen duen dekretua.

Laguntza berriaren abiapuntua da adingabe umezurtzak emakumeen aurkako indarkeriaren biktima zuzenak direla aitortzea, eta kaltea konpontzen laguntzeaz gain, zaurgarritasun egoera bereziaren ondorioz hildako biktimen seme-alabei ematen zaien laguntza indartzeko betebeharra betetzea ahalbidetuko du.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, "seme-alaba adingabeak ere indarkeria matxistaren biktima dira. Amei eragindako indarkeriaren biktima zuzenak dira, haien ongizate emozionalak eta garapen pertsonalak eragiten eta baldintzatzen baitie".

"Dekretu hau beste urrats bat da indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen adingabeei laguntzeko eta babesteko. Lehen mailako gizarte arazoa den emakumeen aurkako indarkeriak hainbeste kaltetu duen kolektibo horren alde hainbat eremutan aurreikusi diren hobekuntza neurrien ekintza eremuan kokatzen da", gaineratu du.

Indarkeria matxistaren biktima diren seme-alaba horiek urtero jasoko duten laguntza ekonomikoa da, 18 urte bete arte. Kasu batzuetan, laguntza 25 urte bete arte luzatuko da; adibidez, ikasketa akademiko arautuak egiten ari direlako edo mendetasuna dutelako edo adin txikitasuna dutenean aitortutako %33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutelako.

Adingabeek 12 hilabeterako Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren %80 jasoko dute urtero, eta balio hori Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrekin onartuko da; gaur egun, 5.760 euro da urtean. Gainera, desgaitasuna edo mendetasuna duten pertsonen kasuan, zenbatekoa bikoiztu egingo da, 11.520 euroraino.

Laguntza eskatzeko baldintzak dira ama hil zen urtean 18 urte beteta ez izana eta laguntza eskatzen den unean 21 urte bete ez izana; laguntza eskatzean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) edozein udalerritan benetan bizitzea eta erroldatuta egotea eta etenik gabe laguntza jasotzen den bitartean, ikasten ari diren bitartean kanpoan erroldaturik ez badaude.

Diru laguntza eskatzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide elektronikoa erabil daiteke, edo, bestela, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrentzako arreta zerbitzuan, dekretua Espainiako Buletin Ofizialean argitaratzen denetik aurrera (zehaztu gabe).