Lehendakariak ziurtatu du euskal erakundeek argi daukatela euren egitekoa dela “gure industria sareari ahalik eta ondoen laguntzea”. DANOBAT kooperatibaren Elgoibarko lantegi berria inauguratu du Iñigo Urkulluk, ekitaldi honetara Arantxa Tapia Sailburuak lagunduta bertaratu da Lehendakaria; ekitaldi honen baitan, inaugurazioarekin batera, makina-erremintan jarduten duen kooperatiba honen 70. urtemuga ere ospatu dute. Lantegi berriak 12.000 metro koadroko azalera du, eta, orotara, 20 milioi euroko inbertsioa egin da. 

Bertan, kooperatibako arduradunen eta gainerako agintarien aurrean, Lehendakariak bere esker ona adierazi die kooperatibako kideei, jadanik egindako ibilbide luzearengatik eta Euskadiren izen ona mundu osoan hedatzeagatik; era berean, Lehendakariaren ahotan, euskal ekonomia ez da nabarmentzen enpresa oso handiak edo “start-up ugari” izateagatik, bai, ordea, produktu eta zerbitzu berezituak eskaintzen dituzten enpresa ertain ugari edukitzeagatik. “Euren merkatuan liderrak diren enpresak. Isilpeko txapeldunak, besteak beste, DANOBAT”− azaldu du Urkulluk.

Bere mintzaldiaren beste pasarte batean, Lehendakariak baieztatu du erakundeek beti egin dutela industriaren aldeko apustu sendoa, eta industria babesten jarraitzearen alde mintzatu da, “izan ere, gure ongizate-estaturako, ezinbestekoa da industriaren ekarpena”.

Aurrerago, Lehendakaria lankidetza publiko-pribatuaren alde agertu da, bere aburuz, emaitzek erabaki honi eutsi egin behar zaiola baieztatzen dute, argi geratzen ari baita “eredu hau oso eraginkorra dela”.

“Badakigu zenbat eta hobeto joan gure industria-ehunari, zenbat eta emaitza hobeak lortu euskal enpresek, orduan eta hobeto egongo garela denok. Oro har, euskal gizartea hobeto egongo da”− esanez bukatu du Lehendakariak.