Donostia. Hamaika Telebista uda baino lehen hasiko da Donostian eta Buruntzaldean emititzen. Tokian tokiko kate berri hau, programazio guztia euskaraz izango duena, dagoeneko Bilbon ari da funtzionatzen eta bertako eredua izango da Donostialdean eskainiko duena, informazio lokalarekin batera eta gero eta programazio propio gehiagorekin batera.
Donostiako Miramar jauregian egin zuten atzo arratsaldean tokiko kate berri honen aurkezpena. Jendez gainezka, ikuskizunik ez zen falta izan, Jon Maia dantzariaren eta Maialen Lujanbio bertsolariaren eskutik, besteak beste. Eta gonbidatuen artean, kirol, hezkuntza eta kultura arloko jende ezagun ugari izan zen, Realeko jokalari eta hainbat pelotari tarteko. Besteak beste, Mikel Aranburuk hamaika zenbakiko Realeko kamiseta oparitu zuen. Mikel Astarloza txirrindularia, Aizpea Goenaga eta Eneko Olasagasti zinemagileak edo Takolo pailazoa han izan ziren, baita Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko ordezkari Arantza Manterola ere.
Alderdi gehienetako ordezkariak ere bildu zituen ekitaldiak, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua (EAJ), PSE-EEko batzarkide Julio Astudillo, Jaione Arratibel Donostiako H1!eko zinegotzia, Aralarko Jon Abril, EBko Antton Karrera eta Alternatibako Ander Rodríguez tarteko.
proiektua Hamaika Telebista sei bazkidek osatzen dute, CMN TV (NOTICIAS TALDEA), EKHE (Gara eta Le Journal), EKT (Berria eta Hitzak), Euskaltel, Elkar eta Bainet TVek. Bakoitzeko ordezkariak ere izan ziren Miramarren. NOTICIAS TALDEtik Iñaki Alzaga kontseilaria, Jorge Osoro gerentea eta Arantzazu Zugasti zuzendaria izan ziren. Berriako zuzendari Martxelo Otamendi eta EKTko ordezkari Joanmari Larrarte, EKHEko kontseilari Gorka Altuna, Euskalteleko Koldo Unanue, Elkarreko Jose Maria Sors eta Baineteko Juanjo Landa ere igo ziren taula gainera egitasmo berria aurkeztera.
Hamaika Telebistaren proiektua, halere, zabalagoa da. Izan ere, tokiko telebistaren lizentzien lehiaketan eskualde gehiagotan emiti-tzeko baimena lortu zuten eta, horrela, tokiko telebisten sare bat sortuko dute. Programazioaren zati bat guztiek komunean izatea da asmoa, eta gainerakoa informazio eta programazio lokalak osatzea.
Hala, momentuz, Bilboko programazioa esportatuko dute Donostialdera, baina tokiko informazioak lehentasuna izango du. Bestelako programek, Bilbon Athletici buruzkoa dena, esaterako, antzeko formatua izan dezakete Donostialdean, hori bai, Realaren inguruan. Dena den, eta emititzen uda baino lehen hasteko asmoa badute ere, programazio propioak gutxinaka tarte gehiago beteko du kate berrian.
akzioak Hori guztia egin baino lehen, eta Donostialdean emititzen berehala hasiko direla eta, proiektuko arduradunek hemendik aurrera akzioen zabaltzea egingo dutela eta, hala, norbanako eta enpresei luzatu zieten gonbitea proiektu honetan parte har-tzeko. Kate berria Lurrezko Telebista Digitalaren (LTD) bidez ikusi ahal izango da Donostian eta Burun-tzaldean, baina baita Euskaltelen kable bidezko zerbitzuan ere, kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidego (EAE) guztian.