Zer moduz Araba Euskaraz ekitaldiaren edizio berri honen antolakuntzan?

–Oso ondo aritu gara Arabako zortzi Ikastolen artean antolatzen. Auzolanean oinarritutako proiektua da gurea, eta denen artean lan egiten denean emaitza polita izaten da. Gure jaia zortzi ikastolok elkarrekin antolatzen hasi ginenetik erabaki genuen Araba Euskaraz urte osoko prozesua izango zela; ekaineko jaiak amaiera ematen dio urteari, hain zuzen ere. Horrekin batera, Araba Euskaraz urtero Araba osora hedatuko genuela esan genuen. Eta aurten ere hala izan da.

Zeintzuk izango dira edizio honetako berrikuntzak?

–Azkeneko bi urteko dinamika berdinarekin jarraitu dugu aurten, aurreko bi urtetan martxan jarritako eredua hobetzen saiatu gara. Urte osorako programazioa planteatu dugu eta ekainaren 16an bukaera emango diogu Arabako Ikastolen jaiarekin.

Urtez urte jendearen partaidetza, berdina izaten da?

–Urtean zehar antolatzen ditugun ekintzetara geroz eta jende gehiago batzen ari da eta Araba Euskaraz jaia euskaltzale ugariren topagunea izan da beti.

Nola antolatzen zarete ikastola guztien artean edizioa aurrera eramateko?

–Auzolanean oinarritutako proiektua da gurea eta lan guztia bideratzeko ikastoletan lantaldeak sortzen dira. Nire lana lantalde horien koordinazioa egitea da. Araba Euskaraz ez da jai egun bakar bat, urte osoan zehar jarduerak antolatzen dira eta denon artean aurrera ateratzen ditugu.

Zein ekimen egin dituzue euskararen erabilera indartzeko?

–Ekainaren 16ko jaiaren aurretik, hainbat ikuskizun, kontzertu eta jaialdi antolatu ditugu. Urriaren 27an abiatu genuen 2024ko Araba Euskaraz urtea, Oionen egin genuen aurkezpen jaiarekin. Abenduaren 4 eta 5ean, berriz, Gazte Talent lehiaketaren finalean parte hartu genuen, Gasteizen. Urtarrilaren 14an, Go!azen 10 kontzertua antolatu genuen Gasteizen, eta otsailaren 25ean, Araba Euskaraz Euskal Pilota Topaketa, Oionen. Oionen bertan Porrotx eta Marimotots izan genituen martxoaren 6an. Lau egun geroago, Beskoitzera joan ginen, Lapurdira, ikastolen jai guztiok Ikastolak Herriari ekimenaren baitan, antolatutako Non eta Mugan ekitaldira. Apirilaren 10ean Araba Euskarazen abestiaren aurkezpen kontzertua ospatu genuen Gasteizen, EHUren kanpusean. Apirilaren 13tik 26ra bitartean, berriz, Araba Euskaraz Masters Series zesta punta txapelketa izan genuen. Maiatzean, bi ikuskizun antolatu ditugu: Mugaezin jaialdia, Oionen, eta Go!azen 10 kontzertua, Amurrion. Urte oparoa izan dugu. Eta guzti hau aurrera atera dugu, ikastolon arteko komunitateari esker, elkarlanari eta auzolanari esker, bai eta beste elkarte eta erakunde batzuekin egindako lanari esker, eta horiek aurrera ateratzeko babes ekonomikoa eman diguten erakunde eta enpresei esker.

Zeintzuk falta dira egiteko?

–Oraindik asko dago egiteko euskararen erabilera indartzeko. Guk adibidez, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu Araba Euskaraz egitasmoarekin. Baina, euskararen erabilpena bultzatzeko era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea. Bakoitzak bere proiektutik asko du emateko.

Zein da euskararen erabileraren egoera?

–Araban ezagutza altua da, baina ematen duenez erabilpenarekin ez dator bat.

Nola orekatu dezakegu ezagutzaren eta erabileraren arteko alde hori?

–Ohiturak aldatzearen kontua da, euskaraz bizitzera jauzia egin behar da. Gure lurraldean Euskararen erabilpena areagotzea izan beharko luke Arabar euskalgintzako eragile guztien erronka.

Zein da ikastolen eginkizuna?

–Ikastoletatik euskararen ezagutza eta erabilera sustatzen aritu gara betidanik eta etorkizunean ere horrela izango da. Euskaraz bizi, hezi eta hazi nahi duten ikasleak ditugu Ikastoletan. Gizartean euskararen erabilerak behera egin du, ikasleen artean ere bai. Herri apustua da joera hori iraultzea, eta Hezkuntzatik ere aurre egin behar diogu. Ikastolok gure Hizkuntza Proiektua berritu eta biziberritu dugu, Hizkuntzen Trataera Integralean sakondu dugu, eta hezkuntza formalaren eta ez formalaren arteko hormak bota ditugu. Pulunpa emozioen programa edo orain pilotatzen ari garen Arikala ditugu adibidez; emozioen bitartez, aisiaren eta jolasaren bitartez, ikasleak euskaran murgiltzeko bide berriak jorratzen ari gara.